Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Deniker, Pierre

Frantses psikiatra (Paris, 1917 - Paris, 1998). Lasaigarrien aurkitzailea. 1952an ikerketa talde bat eratu zuen, Jean Delayrekin batean, Parisen, eta garrantzi handiko saioak egin zituen kloropromazinarekin. Esperimentu horietatik sendagai berri bat sortu zen: lasaigarriak. Sendagarri hura, fenotiazinen taldekoa, antihistaminikoa da, psikosi eskizofreniko eta maniakodepresiboen sintomen aringarri egokia. Gero jatorrizko konposatua aurkitu zuen, fenotiazina, eta goragalea kentzeko eta baregarri gisa erabiltzen diren beste gai batzuk ere bai. Hamar urtean zehar, munduan 50 milioi pertsonek gutxienez erabili dute kloropromozina tratamendu gisa. Sendagarri horiek gorabehera psikiatriko askoren sintomak arintzen lagundu dute. Lasaigarri ahaltsuenei esker, erietxe psikiatrikoetako gaixo kopuruak behera egin du.