Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Demokrito

(Gr. Demokritos) Greziar filosofoa (Abdera, Trazia, K.a. 460 - 370). Leuciporen ikaslea eta antzinateko jakitunik handienetakoa, Sokratesen eta Protagorasen garai berekoa. Atomismoaz aritu zen filosofo nagusietakoa da. Hiru dira Demokritoren teoriaren oinarriak: atomoa, higidura eta espazio hutsa. Kosmosa hainbat partikula txikiz osatutako zerbait zela esan zuen; Demokritoren ustean partikula horiek ezin dira desagertu edo murriztu, betierekoak dira eta espazio hutsean higitzen ari dira etengabe. Edozein gairen izatea, errealitatea, osagai dituen atomoetan da, atomoen loturan, jarreran, higiduran, etab. Izakien ezaugarriak, berriz, norberaren zentzumenen bidez atzematen dira, eta hortaz gauza subjektiboak dira oso. Izakia atomoz osatutako gaia da, eta horren arabera, espazio hutsa, ez-izakia. Ongi absolutua arimaren lasaitasunean oinarritzen zela baieztatzen zuenez, esan daiteke Epikuroren zuzeneko aitzindaria zela. Galduak daude III. mendeaz geroztiko jakitun handi honen idazkiak.