Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

demokrazia

(Gr. dêmokratia, «herriaren agintea»). iz. Sistema politikoa, herritarrak burujabe izatean eta agintea herritar guztien esku egotean oinarritua. v Antzinako demokrazia. Demokrazia hitza antzinako Atenasen sortu zen, alderdi demokrata agintea familia ahaltsuenen eskuetan gera zedin nahi zuen aristokraziaren aurka azaldu zenean. Baina gisa horretako antolamendu politikoa ezagutu dute herri askok munduan zehar, jatorrian “gens” edo leinuetan antolatutako gizarte motari dagokiona baldin bada ere. Greziako hirietako biztanleria urriak eta, batez ere, herria (dêmos) osatzen zuten hiritarren kopuru eskasak bideratu zuten Atenasko demokrazia zuzena. Hiritar guztiak biltzeko eskubidea zuen batzar edo biltzarra zen erakunde politiko gorena, eta aholkulari gisa ordezkariak hautatzen zituzten hiritarren artean. Benetako agintea horien eskuetan egon zen askotan (tiranoak, demagogo guztiahaldunak, militar agintariak, eta abar). Baina greziarren herria oso gizatalde murritza zen: horretatik kanpora zeuden esklaboak, hirian bizi ziren arrotzak (metoikos) eta aita nahiz ama hiritar ez zuten biztanleak. Atenasko demokraziari kontrajarri zaion Espartako aristokraziak oinarri politiko berberak zituen. Herria osatzen zuten hiritarren multzoa txikiagoa zen, eta herria bertako aristokrazia bihurtu zen. Hortaz, hiritar ez zirenak, esklabo bihurturiko espartarrak (perioikos) eta ilotak edo esklaboak (heilôtos), aristokrazia horren mende geratu ziren. Atenaskoa bezalako demokraziarik izan ez zuen arren, Erromako sistemak hango demokraziaren osagaiak hartu zituen. Etruriarren monarkiaren uztarpetik aske geratu zirenean, gens erromatarrak Atenasko herritarren modura antolatu ziren, eta hiritar ez zirenek inolako eskubiderik ez zuten. Erromako mugak zabaldu ahala, plebs edo herri xeheari eskubide berdintasuna (hiritargoa) legez onartu zitzaion, baina benetako aginpidea patricius edo handikien familien buruen aristokraziak hartu zuen. Senadua (Senatus populusque Romanus) erakunde demokratikoa zen izatez, baina aristokratikoa gertatzen zen. Augustok inperioa ezarri ondoren, gobernu aristokratiko eta autokratikoek benetako ahalmenik gabe utzi zituzten herri erakunde sasidemokratikoak. v Demokrazia antzinako Euskal Herrian. Ezer gutxi dakigu antzinako euskal herrien antolamendu politikoari buruz. Leinuetan antolatutako gizarte bati zegokion modura, V. mende bukaeratik aurrera militar buruzagiak ageri dira lurralde euskaldunetan frankoen nahiz godoen aurka. IX. mendean lehen euskal erregea aukeratu zuten Iruñean (Eneko Aritza, 824), aberatsek, aitonen semeek, zaldunek eta lurralde libreetako ordezkariek. Euskal lurraldeen berezko antolamendu politikoaren arabera, herritar guztiak libreak ziren, eta denek zuten beraz erabaki politikoetan zuzenean parte hartzeko eskubidea. Ohiturazko zuzenbidean oinarrituriko legediaren arabera, herritarrak bildu egiten ziren auzoetako, udaletako nahiz haraneko arazoei buruzko erabakiak hartzeko eta bertan aukeratzen zituzten agintariak nahiz Batzar Nagusietarako, Biltzarretarako edo tokian tokiko batzarretarako ordezkariak. Antzeko prozedura bideratu zen XII. mendetik aurrera sortu ziren hirietan ere. Hasieran, dirudienez botoa emateko eskubidea herritar guztiek zuten arren, denborak aurrera egin ahala, Europa guztian nagusitu zen sistema feudalaren eraginez, murriztu egin zen eskubide hori eremu gehienetan, eta antolamendu politikoan zuzenean parte hartzeko ahala etxejabe nahiz lur edo gutxieneko baliabide ekonomikoen jabeek baizik ez zuten izan. Emakumeak ez ziren eskubide honetatik at geratu; baina, Erdi Aroan nagusitu zen gizarte patriarkalak izugarri murriztu zuen berdintasun hura. Gaztelako eta Frantziako erregeen mendean egoteak, bestalde, ilundu zuen erakunde horien izaera demokratikoa. Nafarroako eta, neurri apalago batean, beste eskualdetan ez bezala, Zuberoako antolamendu politikoak egitura feudalak onartu zituen. Hiru estatuk edo besok osatzen zituzten Nafarroako Gorteak: eliz jendeak, militar handikiek eta herri ordezkariek. Elizak eta aitonen semeek, beraz, eskubide bereziak zituzten beste hiritarren ondoan. Beste hainbeste gertatzen zen Zuberoan, herrialde honetan azken hitza herriaren ordezkariek bazuten ere.  v  Demokrazia burgesa. Merkataritza eta industria garaiko burgesiaren ekonomia hazkundeak politika eta filosofia teoria berriak ekarri zituen. Demokrazia burgesaren oinarri teorikoen arabera, gizon guztiak aske eta eskubide berberen jabe jaiotzen dira. Gizartea askatasuna eta berdintasuna ukatzen ez duen giza egitura da. Legeek eta aginteek adostasunaren fruitu behar dute izan eta herritar guztiek dute gobernariak aukeratu eta kontrolatzeko eskubidea. Demokrazia burgesa errepublika sistemari loturik agertu zen arren (Estatu Batuen burujabetasuna, Frantziako Iraultza), parlamentua erregetzari uztartu zitzaion Europako estatu askotan, monarkia absolutistak aristokraziari eta elizjendeari eskaintzen zizkion pribilejioak neurri handi batean murriztu ondoren (Ingalaterra, Ipar Europa). Demokrazia burgesaren arabera moldaturiko gobernuek ezaugarri hauek dituzte: konstituzio edo lege nagusi batek zehazten ditu sistemaren oinarriak; aginteak hiru adar desberdin eta autonomo ditu (aginte legegilea, eragilea eta epailea); parlamentarismoaren bidez zehazten da hiru aginteon arteko lotura eta aginte eragilea ageri da nagusi beste bien ondoan; parlamentarismoak bozketa unibertsala du oinarri; hau da, pertsona guztiek dute agintariak aukeratzeko eskubidea. Hala ere, garrantzitsuak dira eskubide honek historian zehar izan dituen murrizpenak. XIX. mendean hasi zen emakumeen boto eskubideen aldeko kanpainak XX. mendearen hasieran baizik ez zuen fruiturik eman.  v  Herri demokrazia. Marxismoaren arabera, burgesiak bultzaturiko demokrazia moldea kapitalak langileria zapaltzen irauteko tresna engainagarri bat baizik ez da. Marxista ortodoxoen aburuz, benetako herri demokraziak eta langileriaren diktadurak sistema bat eta bera oinarritzen dute, klase desberdintasunik gabeko gizartearen antolamendu politikoa hain zuzen. 1917ko Iraultzaren ondoren, herri demokraziarako saio ugari egin da. Burokrazia, alderdi guztiahaldun bakar baten aginpidea eta herri kapitalisten erasoa izan dira herri demokraziak garatzeko izan dituen oztopo nagusiak.