Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Delfos

(Gr. Delphoi). Antzinako Greziako hiria, Fozidan, Apoloren tenplu handia eta beronen orakulorik ospetsuena gordetzen zituen Parnasoko mendiaren ondoan. K.a. VII. mendean eraiki zen santutegiak Grezia osoko erromesak hartzen zituen. Jainkoen babesa eskatzeaz gainera, aholkuak eskatzen zitzaizkion orkakuloari gerra, kolonizazio edo bestelako eginbide politikoren bati ekin aurretik. Apaizek pithia edo emakume apaiz nagusiaren garrasiak entzun eta interpretatu egiten zituzten. Bertan egin ziren, lau urtero, joko pitikoak. Dirudienez Esopo bertan hil zuten, apaizei irri eta trufa egin zielako. Plutarko bertako apaiza izan zen. Delfos, bestalde, guztiz hiri garrantzitsua izan zen. Amphictyonia edo Greziako erlijio eta politika biltzar nagusiaren egoitza izan zen. Fozida eta Tebas elkarren aurka borrokatu ziren Delfosko santutegiaren jabetza eskuratzeko (K.a. 590; K.a. 448-447; K.a. 357-346; K.a. 339-338). Hirugarren gerraren ondoren (346), Delfosek laguntza eskatu zion Mazedoniako errege Filipori, eta mazedoniarrek ez zuten Grezian barneratzeko aukera hori galtzen utzi. K.a. 279. eta 109. urteetan, Delfosek aurre egin zien zeltek hiria hartzeko egin zituzten saioei, baina azkenean, erromatarrek (Sila, Neron, Konstantino Handia) birrindu zuten santutegia.  v  Delfosko arkeologia aztarnategia Greziako handienetakoa da: Apoloren eta Atenearen tenpluak, antzokia, estadioa, hainbat hiritako altxorrak (Atenas eta Marsellakoak barne), nekropoli edo hilerria, Kastaliaren iturria, eta abar. Eskultura (Auriga ospetsua, K.a. V. mendeko brontzezko irudia), zeramika eta arkitektura zati ugari jaso dira museoan.