Del Valle Murga, Teresa
Gipuzkoar irakasle eta ikertzailea (Donostia, 1937). 1958an moja sartu zen Berrizko Mesedetakoetan. 1960an Estatu Batuetara joan zen, Mikronesiara misiolari joateko behar zuen prestakuntza eskuratzera. 1977an Antropologian Doktore egin zen Hawaiiko Unibertsitatean eta atzerrian hainbat urte eman ondoren, 1979an Euskal Herrira itzuli zen eta irakasle lanetan hasi zen unibertsitatean. EHUn Gizarte Antropologiako katedradun emeritua da, eta Emakumearen Ikerketen mintegiaren zuzendari izan zen. Bere ikerlan nagusiak antropologia feminista eta politikoaren ingurukoak dira eta aginpidea, espazioa, sozializazioa, nortasuna eta nazionalismoa bezalako gaiak ere jorratu ditu. Lan nagusiak: Mujer Vasca. Imagen y realidad (1985), Género y sexualidad (1991), Andamios para una nueva ciudad. Lecturas desde la antropología feminista (1997) eta Perspectivas feministas desde la antropología social (2000).