Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

dekonstrukzio

iz. Testuen azterketaz diharduen teoria postestrukturalista, 1960ko hamarraldian zabaldua. Dekonstrukzioaren aitzindari nagusia Jacques Derrida frantses filosofoa izan da, eta bere teoria batez ere literaturan nabarmendu den arren, filosofiako testuen azterketan eta historian, antropologian eta psikoanalisian ere erabili da. Derridak Ferdinand de Saussurek azpimarratzen duen hizkuntza zeinuen arbitrariotasuna hartu zuen oinarri bere teoria zehazterakoan. Paradoxaren logika da teoria honen oinarria; horrek esan nahi du terminoetan berariazko kontraesana nabarmentzen dela, logika pentsamenduaren legeei kontra egiten diena dela esaten baita, eta paradoxa arrazoiaren kontrakoa baita. Ezaugarri hori dela eta, Derrideren teoriek beste filosofo askoren gaitzespena jaso dute, esanahiaren teoria zentzugabeak osatu dituelako haien ustez. Dekonstrukzioak agerian utzi nahi ditu testuaren kontraesanak, egileak azaldu uste duenaren eta testuak benetan dionaren arteko kontraesanak; alde horretatik, dekonstrukzioaren xedea da egilearen asmoaren eta testuaren esanahiaren arteko kontraesana nabarmentzea. Horrela, dekonstrukzioaren jarraitzaileek ez dute testu baten behin-behineko interpretazio soil bat egiteko interesik, hizkuntzaren egitura tradizionalak deskonposatzeko baizik, bere elementuak askatasunez erabiltzeko, testua hizkuntzaren egitura tradizionaletatik askatu eta interpretazioak egiteko orduan mugarik ez edukitzeko moduan.