Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

deklinabide

iz. Gram. Hainbat hitzek kasuen arabera har ditzaketen erak.  v  Perpausaren barnean sintagmek betetzen dituzten gramatika eta leku-denborazko funtzioak adierazteko hizkuntza batzuek erabiltzen dituzten atzizki multzoak osaturiko paradigma da deklinabidea. Adizkiek aditzaren paradigma egiten duten modu berean, halaxe osatzen dute kasu atzizkiek ere izenkien paradigma. Kasu atzizkien kopurua ez da berdina hizkuntza batean ala bestean eta kasu bakoitzak ere, nolakoa den deklinagaia, aldaera bat baino gehiago izan dezake. Horrela, latinak, adibidez, bost deklinabide ditu; euskarak, berriz, deklinabide bat bakarra du, era mugagabean eta mugatuan ematen dena, azken hau –mugatua, alegia– singularrean eta pluralean. Bestalde, hizkuntza batzuk eranskariak dira, hizkuntza horietan kasu marka hartzen duen izenkiak ez baitu itxura aldatzen eta marka hori zuzen-zuzenean eransten baitzaio izenkiari (izenari, izenordainari, izenondoari, eta abarri) edo izen sintagmari (euskaraz bezala: andrea-ri, gizon txikie-kin) eta beste hizkuntza batzuk, ostera, hizkuntza malgukariak dira, kasu marka izenkiaren erroan ezartzen baita (latinez: dies, diebus, amicis, etab.). Euskararen gramatiketan deklinabidearen barnean sartu ohi dira ia beti izen sintagmaren kasuak (absolutua –partitiboa–, ergatiboa eta datiboa), izenlagunak osatzeko markak (-en eta -ko) eta benetan kasu markatzat hartu beharko liratekeen gainerakoak (noranzkoa edo adlatiboa, hurbiltze noranzkoa, muga noranzkoa, ablatiboa, soziatiboa, instrumentala, motibatiboa eta bost sailetan banatzen den destinatiboa). Deklinabidearen barnean sartu beharko lirateke orobat posposizioen bidez eraturiko sintagmak ere.