Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Deierri

Nafarroako udalerria eta ibarra (Lizarrako merindadea). Valle de Yerri du izen ofiziala. Mugak: iparraldean Gesalatz, Allin eta Abartzuza, ekialdean Girgillao, mendebalean Allin, eta hegoaldean Lizarra. Altuera 538 m. 254,32 km2. 1.486 biztanle ditu (deierriarrak). Kontzeju hauek osatzen dute udalerria: Allotz, Arandigoien, Aritzala –herriburua–, Bearin, Eraul, Gorozin, Ibiriku-Deierri, Iruñela, Lakar, Lorka, Murillo-Deierri, Murugarren, Errezu, Ukar, Hiriberri-Deierri, Zabal, Zurukuain eta Azkona. Irantzuko ibaiak zeharkatzen du harana. Hizkuntza, gaztelania. Euskaldunak eta erdi-euskaldunak 56 dira. Foru Erkidegoaren 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu mistoan dago. Ekonomia jarduera nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritzen da. v Historia. Arestian aipaturiko herriez gainera, Abartzuza, Aritzaleta, Egiarte, Lezaun, Muru eta Irantzuko fraide etxeek osatzen zuten hasiera batean Deierri harana. Erdi Aroan herri gehienek Irantzuko Monasterioko abade nagusiari ordaintzen zizkioten petxak edo zergak. Deierriko harana lurralde aberatsa zen oso.