dalai lama
(Eusk. «Itsasoa») Mongoliako titulua, 1577. urtetik aurrera Tibeteko lamen elizako buruzagiei eman ohi zaiena. Hamalau dalai lama izan dira orain artean; hamalaugarrena, gaur egungoa, Tenzin Giatso da. v Dalai lama. (Jaiotza izena, Tenzin Giatso). Tibeteko erlijio eta politika buruzagia, 14. dalai lama, egun atzerrian bizi dena (Taktser, Tsinghai, 1935). Nekazari familia batean jaio zen. Bost urte zituenerako –hainbat proba gainditu eta gero– dalai lamaren azken berraragiztatze gisa aitortua zuten. Erlijioa, budismoko errituak eta metafisika ikasi zituen Sera, Drepung, Gaden eta Lhasako monasterioetan, baina baita geografia, ingelesa eta matematika ere. 1949an, txinatarrak Tibeten sartu ziren eta hurrengo urtean Maoren gudarosteak birrindurik utzi zituen tibetar indarrak; hurrengo urtean egin zuten errege dalai lama, 15 urte zituela, eta handik hilabetera Indiara erbesteratu zen, txinatarrengandik ihesi. 1951n Txinak autonomia eskaini zien tibetarrei, Txinaren mugen barruan. Dalai lama Lhasara itzuli zen eta saiatu zen zenbait urtez Txinako gobernuarekin modu baketsuan gauzak konpontzen, baina txinatarren zapalkuntza ez zen bigundu. 1959an, txinatar gudarosteak matxinada ahalegin bat zapaldu zuen eta 80.000 tibetar baino gehiago hil zituen. Dalai lamak Indiako iparraldera ihes egin zuen eta Dharmasala hirian ezarri zuen Tibeteko erbesteko gobernuaren egoitza. Dalai lamak mundu guztian salatu du txinatarren politika eta Tibeten burujabetzaren alde mintzatu da, eta, aldi berean, budismoaren zabaltzaile ere izan da. Estatu Batuetan, Europan, Australian eta beste hainbat tokitan ibili da, hitzaldiak eta ikastaroak eman ditu, eta beti bere herritarren alde lan egiteko prest azaldu da. Sari asko jaso ditu mundu guztian zehar: Norvegian, Mongolian, Indian, Frantzian, Alemanian, Espainian… 1987an, Albert Schweitzer saria irabazi zuen eta 1989an Bakearen Nobel saria eman zioten.