Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

dada

edo dadaismo. iz. Art. (Fr. dada, «zaldia», haur hizkeran). 1916. urtetik aurrera Europan garatu zen abangoardiako arte eta literatura higikundea. Irrazionaltasuna, halabeharra eta intuizioa armatzat harturik, dadaismoak garai hartako gizarte moldeak, artea eta kultura deuseztatu nahi izan zituen, benetako errealitatea aurkitu nahian. Bi taldek bat egin zuten ahalegin horretan: Lehen Mundu Gerratik ihesi Suitzan babestu ziren Tristan Tzara errumaniarrak, R. Huelsenbeck alemaniarrak eta Hans Arp alsaziarrak 1916. urteko otsailean osatu zuten taldea alde batetik (hauek aukeratu zuten dada hitz frantsesa, bere ezdeusagatik), eta New Yorken ziharduten Marcel Duchamp eta Francis Picabia pintore frantsesek bultzaturikoa bestetik. Elkarren arteko bateratzea 1918an egin zen eta higikundea Alemaniara (Max Ernst) eta Frantziara (391, Sic eta Littérature, Picabia, Albert-Birot eta André Breton-en aldizkariak, hurrenez hurren) zabaldu zen. Inkonformismoak, eskandaluek eta molde guztiak suntsitzeko grinak, luze gabe ahitu zuten dadaisten programa; 1920. urtetik aurrera, dadaista gehienak iraultza ekintzetara edo surrealismoranzko bidetik abiatu ziren. Littérature aldizkariaren bigarren aldiak (1922ko martxoa) ezarri zuen dadaismoaren azken mugarria, surrealismoari bidea utzi ziona. Tzara, Aragon, Soupault eta Eluard izan ziren olerkari dadaista aipagarrienak, eta Marcel Duchamp eta Francis Picabia pintoreak eta Hans Arp eskultorea dadaismoaren bidetik abiatu ziren artista plastiko ezagunenak.