Chinchillaren ordenantzak
1483. eta 1487. urteetan, Bizkaiko Ahaide Nagusien arteko guduei eta liskarrei amaiera emateko, Errege-erregina Katolikoen kontseilari Garci López de Chinchillak egin zituen ordenantzak. Hauen arabera, hiribilduetako eta lur zabaleko herrien gobernua bereizi egin zen eta erregeren agintea sendotu nahi izan zen, foruen aurkako xedapenen bidez. Bi erabaki nagusi zituzten ordenantzek: batetik, Gernikako Batzar Nagusietan hiribilduetako eta lur zabaleko elizateen artean gauzaturiko batasuna hautsi egiten zen, hiribilduetako ordezkariek haietara joateko eta bestelako batzarrik osatzeko eskubiderik gabe gelditzen zirelarik (erregearen mendean beraz) eta, bestetik, lur zabaleko ordezkariek osaturiko Batzar Nagusiei foru pasea edo erregearen agindua ez betetzeko zeukaten eskubidea ukatu nahi izan zitzaien. Bizkaiko lur zabaleko ordezkariek ez zituzten erabakiak aintzat hartu eta 1558ko Batzar Nagusietan hiribilduetako ordezkariek ere hartu zuten esku. 1630. urtean finkatu ziren hiribilduen eta lur zabalaren arteko legezko desberdintasunak eta Filipe IV.a Espainiako erregeak balio gabe utzi zituen, ofizialki, Chinchillaren ordenantzak.
- Chimborazo
- Chimbote
- Chimu
- Chin
- Chi-Nan
- Chinchillaren ordenantzak
- Chindwin
- Ching
- Ching-Hai
- Ching-Tao
- Ching-Te-Chen