Chicago
Estatu Batuetako hiria eta portua (Illinois), Michigan aintziraren hego-mendebaleko ertzean. Estatu Batuetako hirugarren hiria da jende kopuruari dagokionez: 3.535.000 biztanle (% 35 beltzak). Hirialdeak 7.102.378 biztanle ditu (Evanston, Oak Park, Cicero, East Chicago, Hammond eta Gary hiriak barne). Chicago munduko merkataritzagunerik garrantzitsuenetakoa da: industria astuna (metalurgia, ontzigintza, eraikuntza), janari eta kimika industria, inprimategiak, petrolio findegiak, ehun langintza eta abere hazkuntza. Joan-etorri handiko aireportuak (O’Hare, Midway). Hiri erdialdeak (Loop) XX. mendeko arkitekturaren ezaugarriak ditu. Museo eta liburutegi ospetsuak. Unibertsitatea.
v Historia. Chicagoko hiriaren hazkundea burdinbidearen garapenarekin batera hasi zen, 1830. urtetik aurrera. 1870. urtean 300.000 biztanle zituen. 1871. urtean, sute handi batek suntsitu zuen hiria. Estatu Batuetako mugimendu sindikalaren sorterria da, eta urte luzeetan zehar langile borroka bortitzak izan zituen. Debekuaren garaian (1919-1933), gaizkile banda armatuen hiri nagusia izan zen (mafia, etab.).