Cohn, Paul Moritz
Alemaniar matematikaria (Hanburgo, 1924). Cambridgeko Trinity Collegen ikasi zuen eta 1948an graduatu zen; doktoregoa Cambridgen bukatu zuen 1951n. Hurrengo urtean Manchesterreko Unibertsitatean lanean hasi zen eta 1961-62 bitartean Yaleko Unibertsitatean eta Kaliforniako Berkeleyko Unibertsitatean aritu zen. 1962an Londresko Unibertsitatera joan zen, eta bertako Queen Mary Collegen egon zen 1967 arte. Hala ere, urte horietan zenbait bisitaldi egin zituen Chicagoko Unibertsitatera eta New Yorkeko Estatuko Stony Brook-eko Unibertsitatera. Londresko Unibertsitatea utzi gabe, Bedford Collegen matematika irakasle hautatu zuten. Hurrengo urteetan hainbat unibertsitatetan aritu zen, besteak beste, Rutgers Unibertsitatean, Parisko Unibertsitatean eta Delhiko Tulane Unibertsitatean, Albertako Unibertsitatean eta Ottawako Carleton Unibertsitatean. Israelen egon ondoren, Estatu Batuetako eta Alemaniako unibertsitateetan ibili zen. 1984an Londresera itzuli zen, eta bertan University Collegeko Matematikako Astor Irakasle hautatu zuten. Cohn-ek ekarpenik gehienak aljebraren arloan egin ditu, bereziki eraztun ez-kommutatiboen teorian. Magnusen teorema orokortzeaz gainera, tensore espazioen egitura aztertu zuen. Bere lehenengo liburua, Lie groups (Lie taldeak), 1957an argitaratu zuen. 1958tik aurrera Jordan aljebrak eta Lieren zatiketa eraztunak landu zituen. Bere liburu garrantzitsuenetako batzuk hauek dira: Linear equations (1958, Ekuazio linealak), Universal algebra (1965, Aljebra unibertsala), Algebraic numbers and algebraic functions (1991, Zenbaki eta funtzio aljebraikoak), Elements of linear algebra (1994, Aljebra linealaren elementuak) eta Free rings and their relations (1971, Eraztun libreak eta haien arteko erlazioak) monografia. Azkeneko hau da denetan ezagunena, eraztunei buruzko emaitza garrantzitsuak jasotzen baititu. Cohnek sari ugari jaso du bere lanari esker: Amerikako Matematika Elkartearen Lester R Ford saria (1972) eta Londresko Matematika Elkartearen Senior Berwick saria (1974), besteak beste.