Cobol
(Common Bussines-Oriented Laguage-ren akronimoa; Eusk. Enpresa Aplikazioetara Zuzendutako Hizkuntza Orokorra). 1959-1961 urteen bitartean bideraturiko programazio hizkuntza. Oinarri gisa ingelesa erabiltzen du. Cobol-en ezaugarri nagusia irakurtzeko erraztasuna da. Estatu Batuetako defentsa sailak eskatzen duen hizkuntza izatea, datuen egituretan egiten duen enfasia eta ingelesaren antzeko sintaxia dira hizkuntza honek halako arrakasta izateko arrazoiak. Cobol-en idatzitako programak lau zatitan banatu ziren: Identification, Enviroment, Data eta Procedure. Identification sailak programaren izena zehazten du eta programaren informazio orokorra du, hala nola egilearen izena, idatzi zen data eta erabileraren deskripzio txiki bat, eta programatzaileak erantsi nahi dion beste edozein agiri. Enviroment sailak zehazten du zein ekipo ari diren erabiltzen eta programan sartzeko eta irteteko erabiltzen diren artxiboak. Data sailak programan erabiltzen diren datuak deskribatzen ditu. Procedure sailak, berriz, programaren ekintzak diktatzen dituen prozedura zatia hartzen du.