Cluny
Frantzia erdi-ekialdeko herria, Mâcón aldean (Loire-et-Saone) dagoena. 4.680 biztanle. v Clunyko abatetxea. Clunyko abatetxea 910. urtean sortu zuen Akitaniako Gilen dukeak. Benito Santuaren arauak gorde behar bazituen ere, jaun eta apezpikuengandik libre aritzeko eskubidea jaso zuen. Berezitasun honek, aitasantutzarekin harreman estuak eduki ahal izateak, bertako abadeen itzal handiak (Odon Santua, Odilon Santua, Hugo Handia Santua) eta urteetan aurrera jo ahala bere mendean hartu zituzten lurraldeen hedadura handiak (1.200 etxe inguru Hugo Handia Santua abadea hil zenean, 1109. urtean), XI. mendeko garrantzizko erlijio erreformagune bihurtu zuten Cluny. Clunyn egon zen beste zenbait pertsonaia ospetsu: Hildebrando Santua (Gregorio VII.a), Pedro Ohoragarria abadea, ordena Bernardo Santuaren erasoetatik babestu zuena. v Arkitektura. Artean ere Clunyn abiarazi zen eraberritzeak eragin handia izan zuen, ordura arteko molde erromanikoaren bilakaera gauzatu baitzuen. Neurri handiko eraikuntza da Clunyko eliza. Kanoi ganga zorrotza eta leiho zabalez hornituriko sasi-triforioa ditu, eliz-atari zabalak eta hiru kanpandorre karratu oso garaiak kanpoaldean. Erromako San Pedro basilika eraiki zen arte, kristautasunak izan zuen elizarik handiena izan zen Cluny. XIX. mendearen hasieran suntsitu zuten ia erabat. v Clunyko Museoa. Erdi Aroko langintza eta antzeen museoa, Parisen dagoena, Hôtel de Cluny delakoan (XV. mendeko eraikuntza gotikoa).