Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cervantes Saavedra, Miguel de

Espainiar idazlea (Alcala de Henares, 1547 - Madril, 1616). Ez da haren bizitzari buruzko gauza askorik ezagutzen. Valladolid-go eta Madrilgo unibertsitateetan ari izan zen. Acquaviva kardinalaren zerbitzari gisa, Erromara joan eta soldadu ibili zen. Lepantoko guduan parte hartu zuen (bertan beso bat galdu zuen) eta, turkoek atxilotu ondoren, bost urte eman zituen Aljerko presondegian. Espainiara itzulita, ezkondu eta funtzionario lanetan hasi zen, baina arazoak izan zituen justiziarekin. Lehen eleberria garai hartan boladan zegoen eleberri pastoralen generokoa izan zen, La Galatea (1585). Askoz geroago idatzi zuen El ingenioso hidalgo Don Quijote de la Mancha (lehen zatia 1605ean argitaratu zen eta 1615ean bigarrena), mundu osoko literaturan guztiz ospetsu bihurtuko zen obra (euskarara Don Pedro Berrondok itzulia, Don Kixote Mantxa´ko izenaz). Errealismo handiz deskribatzen du Cervantesek Espainia eta halaxe sentitu zuen Espainiak  Don Quijoten bere burua islatuta. Bertan Mancha-ko handiki bat, Alonso Quijano, erotu egiten da zaldunen liburuak irakurriz; bere burua ere zaldun egitea erabakitzen du, ezkutaria (Sancho Panza) eta zaldiarekin (Rocinante) behar duen edonori bere laguntza eta babesa emateko, eta bere egitandien gloria bere damari (Dulcinea del Toboso) eskaintzeko asmotan. Dena alderantziz aterako zaio, ordea; zentzua berreskuratu, eta zaldun liburuak madarikatuz hiltzen da. 1613an Novelas Ejemplares izeneko kontakizunak plazaratu zituen Cervantesek (horietako zenbait Lukas Dorronsorok euskarara itzuliak). Bi mota bereiz daitezke horietan; egilearen amodiozko abenturak islatzen dituztenak: La española inglesa (Ingeles espainola), El amante liberal (Maitale liberala) eta, errealismoz eta psikologia handiz, gizartearen hainbat alderdi ukitzen dituzten obrak: Rinconete y Cortadillo (Rinconete eta Cortadillo), El coloquio de los perros (Zakurren berriketaldia). 1614an, poema liburu bat (Viaje al Parnaso, Parnasorako bidaia), komediak (zortzi, Los Baños de Argel, Aljerko bainuak, etab.) eta «entremes» delakoak —ekitaldi bakarreko antzezlan umorezkoak— eta El retablo de las maravillas (Gauza zoragarrien erretaula) argitaratu zituen Cervantesek. Hamar urte lehenago bezala, Kixoteren bigarren zatiak arrakasta handia izan zuen (1615). Hil zenean (1616, Shakespeare hil zen urte bera), Los trabajos de Persiles y Segismunda eleberria utzi zuen.  v  Cervantesen sorkuntzarik handiena, Kixotea, gizaldi batez baino gehiagoz Espainiako fikziozko idazleek egindako berrikuntza eta lorpenen buruan dago. Berehala jarraitu zitzaion lan mordo bat, pikareska generokoa. Kixoteren eragina, ordea, eleberrigintza modernoan dago, batez ere. Izan ere, lan askoren iturburu izan da. Honen adierazpide dira egile asko eta askoren lanak: Defoe, Fielding, Smollet, Sterne. XIX. mendeko eleberrigile handien lanetan ere nabarmena da Kixoteren garrantzia; horien artean daude Scott, Dickens, Flaubert, Pérez Galdós, Melville eta Dostoievski. Eta gauza bera gertatzen da, beste modu batean, XX. mendeko idazle askorengan, Joycerengandik Borgeseraino. Honen azalpena, «eragin» zuzenean baino, Cervantesen lorpen batean dago kritikarien ustez; alegia, eleberriaren gaitasunak erabiltzen asmatu zuen Cevantesek. Horrez gainera, Kixotea beste generoetako eta adierazpideetako egileentzat ere inspirazio iturria izan da. XVII. mendetik aurrera, Kixotea gaitzat duten antzerkirako egokitzapenak, operak, balletak eta musika lanak, eta telebista eta zinemarako egokitzapenak XX. mendean, ugariak izan dira. Kixotea halaber pintoreen eragile izan da: Hogarth, Goya, Daumier, Picasso eta Gustave Doré.