Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bury, Pol

Belgikar eskultorea (Heine-Saint-Pierre, 1922). Pintore gisa aritu zen eskulturan hasi aurretik eta 1945ean Nazioarteko surrealismoaren erakusketan parte hartu zuen Bruselan lan errealistekin. 1949an Cobra taldeko kide izan zen Alechinsky eta Dotremontekin batera. 1950eko hamarraldian Plano mugikorrak saila egin zuen eta Mugimendua erakusketan erakutsi zituen Parisen 1955ean. 1959. urtean utzi zuen erabat pintura. 1961. urtetik aurrera Parisen hartu zuen bizilekua. Forma zorrotzak landu zituen, motorrekin eta osagai magnetikoekin batera lortzen zituenak. Horren guztiaren helburua mugimendua zen, mugimendu aleatorioa, etena. Material ugari erabili zituen. Eskultura lanez gainera, filmak egin zituen (besteak beste, 8.500 Tonnes de fer, 1971; L’Art illustré, 1975). Saiakera liburuak ere idatzi zituen: Le Petit Commencement (1965, Hasiera txikia), L’Art à bicyclette et la révolution à cheval (1972, Artea bizikletan eta iraultza zaldian), Les Horribles Mouvements de l’immobilité (1977, Gelditasunaren Mugimendu izugarriak), Les Gaietés de l’esthétique (1984, Estetikaren alaitasunak). 1970eko hamarralditik aurrera, obra handiak egiten hasi zen: baso bat, 25 Tonnes de colonnes; Bruselako metroko sabaia, iturri hidraulikoen saila Maeght fundazioaren lorategirako Saint-Paul-de-Vencen (1978), New Yorkeko Guggenheim Museorako (1980), Errege Jauregiko Orléans galeriarako (1986), Seuleko Olinpiar Jokoetarako (1988), Japoniako Yagamateko Arte eta Marrazki Tohotu Unibertsitaterako (1994).