Burundi
(Izen ofiziala, Burundiko errepublika). Afrika erdialdeko errepublika. Mugak: iparraldean, Ruanda; ekialdean eta hegoaldean, Tanzania; hego-mendebaldean Tanganyka aintzira, eta mendebaldean Zaire. 27.834 km2 eta 6.223.897 (burundiarrak). Hiriburua: Bujumbura. Hizkuntzak: kirundi, frantsesa (ofizialak) eta bantu hizkuntzak (swahili eta kinyarwanda). Burundi zortzi probintzietan banaturik dago. Dirua: Burundiko frankoa. Burundi munduko herrialde pobreenetako bat da. ■ Biztanleak. Batez besteko dentsitatea oso handia du Burundik, 230 bizt/km2, Afrikako handienetako bat. Biztanleriaren % 90ek nekazaritzan dihardu. Biztanle gehienak familia taldeetan bizi dira, mendialdeko eskualdetan. Etnia talde nagusiak hauek dira: hutuak (bantu hizkuntza erabiltzen duen herria) biztanleen % 85 dira; tutsiak % 14 dira; twa-k, talde pigmeoa, % 1 baino gutxiago. Biztanleen bi heren kristauak dira, katolikoak batez ere, eta gainerakoak musulmanak edo erlijio tradizionalen ingurukoak. ■ Ekonomia. Burundi nekazari herria da, batez ere. Kafea da esportatzen den gai nagusia eta ia bakarra. Meatzaritzan urrea, bastnaesita eta kasiterita meak ekoizten dira. Uranio, nikel eta turba hobi handiak daude, baina ekoiztu gabe. Burundiko merkataritza gehiena itsasontziz egiten da. 1994. urteaz geroztik Burundik bizi duen gerra egoerak zaildu egin du jadanik gogorra zen egoera ekonomikoa. ■ Nekazaritza. Burundiko biztanleak nekazaritzatik bizi dira gehienak. Tapioka, batatak, platanoak, lekak, ilarrak eta sorgoa landatzen dute. Kotoia eta tea esportatzen hasi dira. Animalia sailak edukitzea garrantzi handikoa da kultura eta gizarte mailan, baina ekonomiari dagokionez ez dute etekinik ematen. ■ Historia. Azken urteak. 1993an egin ziren lehendakaria hautatzeko lehenengo hauteskundeak Burundi independente zenetik. Melchior Ndadayek, hutu etniako diputatuak, irabazi zituen hauteskundeak, baina handik hilabetera hil egin zuten estatu kolpe batean. Heriotza hark borroka ugari sortu zuen etnien artean, eta milaka etorkinek Ruandara ihes egin zuten. Cyprien Ntaryamira izan zen Ndadayen ondorengoa, eta borroka haiek eteten saiatu zen. Hura ere hil egin zuten Ruandako lehendakari Juvenal Habyarimanarekin batera. Orduan Silvestre Ntibantunganya jarri zuten lehendakari. Bien bitartean, Burundi saiatu zen Ruandatik zetozen etorkinei aurre egiten, han gerra zibil latza bizi baitzuten. 1995ean zehar borrokaldi gogorrak izan ziren Burundin, eta areagotu egin ziren 1996an. Nazio Batuen Erakundeak eta Afrikaren Batasunerako Organizazioak gerra hura inguruko herrialdeetara zabalduko ote zen beldur, auzi hartan parte hartzea erabaki zuten. Baina gudarosteak Burundin ez zitezen sar eta blokeoarekin amaitzeko helburuarekin, armadak Pierre Buyoya lehendakari jartzea erabaki zuen, eta alderdiak legeztatzeko asmoa ere adierazi zuten. Baina egoerak okerrera egin zuen, oposizioak boikota egin zion presidenteari, eta hutuen matxinada herrialde osora zabaldu zen. Horrek aldi berean zapalkuntza indartu egin zuen, eta hainbat esparru eraiki zen biztanleak errebeldeetatik babesteko. Alderdien artean tirabira handiak daude, eta oso zaila da guztien gustukoa izango den irtenbidea aurkitzea. Pierre Nkurunziza da 2005. urteaz geroztik Burundiko lehendakaria.
http://www.ikuska.com/Africa/Paises/Burundi.htm