burgesia
iz. Burgesen multzoa; bereziki, gizarte kapitalistan agintea duen klasea. || Hiribilduetako burgesen multzoa. v Zenbait ikerlarik burgesiaren jatorria erromatarren garaiko udal antolakuntzan jartzen badute ere, erakundea Erdi Aroan sortu zen. Garai hartako eskulangileak eta merkatariak gazteluen inguruan bildu eta burgo edo herri bateko komunitateak eratu zituzten; burgesiaren eskuetan geratu zen industriaren eta merkataritzaren ardura. Nolabaiteko indarra lortu zuenean, feudalismoaren kontra borrokan hasi zen burgesia, gizartearen baitan bere lekua eskuratu nahian. Korporazioak, gremioak eta komunak burgesiaren borrokaren eta aurrerabidearen tresna izan ziren, eta gainera, noblezia burgesiaren alde jarri zen, jaun feudalen agintea murrizteko. Udal batzarrei esker, askatasuna eta segurtasuna handituz joan ziren, eta ondorioz industria ere garatu zen, merkataritza hedatu eta ondasunak gehitu. Hasieran, burgesiak bi borroka egin zituen, bata jabego higikorrarena, industriatik zetorrenarena, eta lur jabegoarena bestea. Hirietan nekazari giroan baino lehenago lortu zuen arrakasta. Burgesiak eragina izan zuen jopuengan, horiek laguntza jaso baitzuten udal batzarretatik, baina haien gizarte egoera ez zen industria gizonen eta merkatarien egoeraren parera heldu. XVI. mendeaz geroztik mailatan banatuta geratu zen burgesia hirietan: burgesia handia (industria gizon eta merkatari aberatsak) eta burgesia txikia (merkatari eta industria gizon txikiak, lanbide liberalak zituztenak eta enplegatuak, «erdi mailako klasekoak»). Burgesiaren artetik atera ziren entziklopedistak, geroago Frantziako iraultza prestatu eta eginzutenak. Sozialista modernoen esanetan, burgesiaren ezaugarria ekoizpen lanaren aldakuntza da. Bestalde, marxismoaren arabera, «burgesia» hitza langileriaren erreibindikazioen aurkakotzat erabili izan da beti; ikuspegi horretatik, marxismoaren ikuspegitik alegia, desagerrarazi egin behar den klase menderatzailea da. Burgesia handiaren aurka agertu da burgesia txikia Europan egindako kongresuetan. Horrela, Anberesen I899ko irailaren 17 eta 18an burgesia txikiaren nazioarteko kongresuan beretzat kaltegarri ziren hainbat gauza azpimarratu ziren: trustak, biltegi handiak, desleialtasuna, etab; irtenbidetzat, burges txikientzat lan askatasunaren arautegia, elkarte ekonomikoak, lanbide heziketak eta abantaila fiskalak proposatu ziren.