Brisseau, Jean-Claude
Frantses zinemagilea (1944). Frantseseko irakasle izan zen Aubervillierseko eskola batean, eta lan horretan ari zen lehenengo film luzea aurkeztu zuenean: Un jeu brutal (1983, Joko basati bat). Lan horretan aita hiltzaile bat eta haren seme elbarritua dira pertsonaia nagusiak; ankerkeriaren pedagogia moduko batek lotzen ditu pertsonaiak. Noce blanche (1989, Eztei zuria) lanean, aurrez aurre jartzen ditu irakasle bat eta ikasle bat, baina harreman horrek fede erromantikoa bezain mistikoa erakusten du. Céline (1992) lanean aurreko lanetako oinarri erlijiosoa areagotu egiten da. De bruit et de fureur (Zaratari eta indarkeriari buruz) beste era bateko filma da, hiri bateko auzo pobreenetako errealitate sozialarekin duen harremana erakusten duena. L´Ange noir (1994, Aingeru beltza) lanean emakume baten misterioa zalantzan jartzen da, eta maisutasun handiz nahasten ditu zintzotasuna eta zolitasuna. Brisseau hiri handietako aldirietako bortxakeria erakusteagatik egin da batez ere ospetsu.