Brabant
. Europako antzinako lurraldea, Meuse eta Escaut ibaien artean, egun Belgikaren (Anberes eta Brabant herrialdeak) eta Holandaren (Noordbrabant) artean banatua. v Historia. Nerbiarren lurraldea zen erromatarrek eta frankoek hartu baino lehen; Brabant Austrasia eta Lotharingiako erresumen eremua izan zen. IX. mendean lau konderritan banatua zegoen, eta Lovainako kondeen eskuetara igaro zen XII. mende hasieran (1106). 1406. urtean Valois-Burgundiako etxeko adar gazteak hartu zuen oinordekotzan eta 1430ean Burgundiako duke Filipe III.a Onak berreskuratu zuen. Geroago Austriako etxeak (Maximiliano I.a enperadorea) hartu zuen heredentzian eta 1553tik aurrera Espainiako Austrien esku geratu zen. Brabanteko iparraldea matxinatu ziren Herrialde Batuen esku geratu zen 1609an, eta Utrecht-ko Itunak (1713) Austria Etxeko Habsburgotarren eskubidea berretsi zuen, hegoaldeari dagokionez. Frantziako lurraldea Iraultza eta Inperioaren garaian, Holandak bereganatu zuen Brabant 1815ean; handik urte batzuetara, ordea, berriro ere banatu zen, Belgikak burujabetza lortu zuenean (1830).