Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bourges

Frantzia erdialdeko prefetura hiria (Cher), Berry antzinako lurraldeko hiriburua, Yèvre eta Auron ibaien elkargunean. 80.379 biztanle.  v  Artzapezpiku egoitza. Saint-Étienne katedrala (XII-XIII. m.) Frantziako eraikuntza gotiko handi eta hoberenetakoa da; aurrealdeko bost ate eskulturadunetara irekitzen diren bost habearteek, alboko habearte bikoitzek eta beirate zaharrek (XIII-XVI. m.) ospetsu bihurtu dute mundu osoan. Jacques-Coeur jauregia (XIV. m.) arkitektura zibil gotikoko eredu bikaina da. Eraikuntza zahar ugari.  v  Askotariko industria, hegazkingintza, papergintza.  v  Historia. Bituriges Cubi galiar leinuaren hiriburua, Zesarrek hartu zuen K.a. 52an eta Avaricum erromatarra bihurtu zen (Akitania, I-IV. m.). Erdi Aroan guztiz hiri oparoa izan zen, Karlos VII.a bertan hartu zuen egoitza (Bourgesko pragmatika, 1438) eta haren seme Luis XI.ak unibertsitate ospetsu bat sortu zuen bertan (1463). Kontzilio hiria izan zen 1031 eta 1584 bitartean.