Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Botswana

(Izen ofiziala, Botswanako Errepublika; Ing., Republic of Botswana). Afrikako hegoaldeko estatua. Mugak: iparraldean eta mendebaldean, Namibia; ipar-ekialdean, Zambia eta Zimbawe; hego-ekialdean eta hegoaldean, Hegoafrika. 600.372 km2 eta 1.640.115 (2005, botswanarrak). Hiriburua: Gaborone (208.411 biztanle, gaboronetarrak). Hizkuntzak: ingelesa eta tswanera. Dirua: pula. Erlijioa: animismoa eta kristautasuna. ■ Lurraldea. Lurralde zabala da eta biztanle urrikoa. Hiru alde nagusi bereizten dira: erdialdean eta hego-mendebaldean, Kalahariko basamortua, artzaintzarako egokia urteko aldi jakin batzuetan; ipar-mendebaldean, Okavango ibaiaren arroa, klima tropikalekoa eta nekazaritzarako egokia; ekialdean, burdinbidea ardaztzat duen lur zerrenda bat, biztanleen % 80ren bizilekua. ■ Gizartea. Botswanako gizatalde nagusia tswana da, biztanleria osoaren % 95. Kalahariko basamortuan boskimanak bizi dira, eta horiez gainera beste bi gizatalde txiki daude: kalangak eta hereroak. Botswanako bizi maila Afrikako herrien batez bestekoa baino askoz hobea da: alfabetizazio indizea handia da, eta bizi itxaropena 67 urtekoa. Lau biztanletatik hiru hirietan bizi dira, herrialdearen ekialdean: Gaborone (208.411 biztanle), Francistown (56.000), Selibe-Phikwe (52.000), eta Labatse (28.000). Botswanarren nazio hizkuntza tswana da, baina ingelesa da hizkuntza ofiziala. Erlijioari dagokionez, biztanleen erdiak kristau protestanteak dira, eta gainerakoak animistak. 1998an helduen % 30 seropositiboa zen. ■ Ekonomia. Botswanako ekonomiak bi oinarri nagusi ditu, abeltzaintza eta meatzaritza (nikela, kobrea eta diamanteak). Munduko hirugarren diamante ekoizle nagusia da. Diamanteen produkzioak egun duen garrantzia hartu baino lehen, Botswanako ekonomia haragi eta larru esportazioan oinarritzen zen bakarrik. Abeltzaintza basa animalia eta landareen kaltean ari da zabaltzen. Beste diru iturri batzuk luxuzko turismoa (safariak) eta kanpoan (Hegoafrikan gehienbat) lan egiten dutenen ekarpenak dira. Industria gutxi dago, oinarri-oinarrizkoa. Aipagarriak dira Gemsbok eta Chobe-ko parke nazional handiak, eta Kalahariko ehiza erreserba. 1978 eta 1988 bitartean Botswana munduko diamante ekoizle nagusietako bat bihurtu zen, eta herrialdearen ekonomia % 12 hazi zen urterik urte. Nahiz eta ekonomian lotura estuak izan Hegoafrikarekin, istiluak gertatu ziren bi herrialdeen arteko mugan, Botswanako gobernuak Afrikako Kongresu Nazionalaren borrokari ematen zion laguntza zela-eta. 1988 eta 1989 urteetan ekonomia gutxiago hazi zen, % 8,9 besterik ez, eta askoz gutxiago hurrengo urtean, % 4,8, diamante esportazioa asko urritu zelako. Aldi berean langabezia tasa izugarri handitu zen (% 35). Hala ere herrialdeak ez zuen Afrikako Bankuaren mailegurik eskuratzerik izan, nazioko dirua, pula, inguruko indartsuena zelako. Interes ekonomiko eta politiko ilunen ondorioz, gobernuan ustelkeria nagusitu zen, eta ministro batzuek dimisioa eman behar izan zuten. Mea salmentak dibisen % 47 ekartzen zuen. Dena dela, eta turismoaren eta diamente esportazioaren irabaziak gorabehera, Botswanak ez zituen biztanleen arazo larrienak konpondu. ■ Historia. Azken urteak. 1991n oposizioko zazpi taldeetatik hiruk bat egin zuten gobernuko alderdiari aurre egiteko. Aurreko urteetako ekonomia hazkunde handia gorabehera, urte hartan egin ziren independentziaz geroztiko grebarik handienak. Sektore publikoko langileen aldarrikapenei entzungor eginez, gobernuak 18.000 funtzionario kaleratu zituen. 1992an langabezia % 25koa zen. Apirilean, lehortea zela-eta, larrialdi egoera agindu zen eta estatuak errotik murriztu zituen gastu publikoak: estatuak zuzenean edo zeharbidez enplegatzen zuen langileen heren bat lanik gabe geratu zen. 1994ko hauteskundeetan gobernuko alderdia nagusitu zen, berriro ere, baina bederatzi aulki gutxiagorekin. 1995ean neska bat erritu batean hiltzeaz akusatuta zeuden hiru pertsona aske uzteak manifestazioak eta istilu larriak eragin zituen. Oposiziko alderdientzat gizarte mailen arteko desberdintasunak (munduko handienak, zenbait azterketaren arabera) eta langabezia izan ziren istilu horien benetako eragileak. 1996an herrialdea kanpora saltzen zuen mearen prezioaren mendean zegoen oraindik ere. Botswana errepublika presidenzialista bat da eta alderdi askotako sistema demokratiko bat du. Festus Mogae hautatu zuten lehendakari 1998an, eta berriro irabazi zituen hauteskundeak 2004an. 2008az geroztik Ian Khama da lehendakaria.
http://www.gov.bw/