Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bossuet, Jacques Bénigne

Teologo eta idazle frantsesa (Dijon, 1627 - Meaux, 1704). Bere jaioterriko jesuitetan lehen ikasketak egin ondoren Parisa aldatu zen. 1652an apaiz eginik, Metzen egon zen 1658 arte. Berriro Parisa itzulirik (1659) predikuak egiteari lotu zitzaion bete-betean San Bizente Paulekoaren aholkuz. 1662an Garizumako predikuak egin zituen erregearen eta gortearen aurrean. Ildo beretik, handiki batzuen ohoretan eginiko hileta-predikuek ospe handia ekarri zioten. Condomeko apezpikua zela (1659), erregegaiaren irakasle izendatu zuten eta 1670etik 1680ra eginbide hori bete zuen. Haren ikaslearentzat egindako obra aipagarriak dira Discours sur l’histoire universelle (1681) eta Politique tirée des propres paroles de l’Ecriture Sainte (bukatu gabea eta 1709an argitaratua). Gero, 1681, Meauxeko apezpiku izendatu zuten. Protestanteen aurkako borroka teologikoari ekin zion: Histoire des variations des églises protestantes (1881), Advertissements aux protestants (1689-1691). Gero kietismoaren eztabaidan esku hartu zuen Fénelonen aurka: Relation sur le quiétisme (1698). Antzerkiaren etsai agertu zen: Maximes et réflexions sur la comédie (1694). Bizitzaren azken aldi honetan hizlari sakratu gisa jardun zuen berriro, hileta-prediku gehiago eginez.  v  Moralista, teologo eta politiko gisa ortodoxiari atxikia, Biblia eta Apokalipsiako ikuskariez beteriko predikuetan pasarteen erritmoak, hiztegiaren joritasunak eta irudien lirismoak ahalmen poetiko berezia damaiote bere jardunari.