Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bosnia-Herzegovina

(Izen ofiziala, Bosnia-Herzegovinako Errepublika; serbo-kroatzieraz, Bosna i Hercegovina). Europako Balkanetako estatua, Jugoslaviako Errepublika Sozialista ohia osatzen zuten sei errepubliketako bat. Mugak: hego eta ekialdean Jugoslaviako Errepublika Federala, ipar eta ipar-mendebaldean Kroazia. 51.129 km2 eta 4.025.476 biztanle (2004ko estimazioa, bosniarrak; biztanleriari buruzko datuak ez dira batere seguruak, gerrak eta garbiketa etnikoak eragindako nahastea dela-eta), serbiarrak, kroaziarrak eta musulmanak. Hiriburua: Sarajevo. Hiri nagusiak: Banja Luka, Mostar, Travnik, Tuzla eta Zenika. Hizkuntza: bosniera (serbokroazierak estatu honetan duen izena). Dirua: marko bihurgarria. ■ Bosnia-Herzegovina bi partetan dago banatua: Bosnia-Herzegovinako federazio kroaziar-musulmana, kroaziar eta bosniar lurraldeak hartzen dituena (Federacija Bosna i Hercegovina), eta Bosniako serbiar errepublika (Srpska). Bosniako ipar-ekialdeko Brcko-ren estatusa arbitratze bidez erabakitzeko dago. 1992. urteko udaberrian independentzia aldarrikatu zen arte, Bosnia eta Herzegovina antzinako Jugoslaviako errepublikak ziren. 1992-95 urteetan gerra zibila zabaldu zelarik, Bosnia banatua gelditu zen, eta elkarren kontrako taldeek gobernatua. Bosniako gaurko gobernu egiturak Daytongo akordioaren bidez sortu ziren (1995): akordio hori bakezko itun bat zen, eta Parisen izenpetu zuen 1995ko abenduaren 14an Bosniako Lehendakariak. ■ Biztanleak. Uste denaren kontra, Bosnia-Herzegovinako biztanleria, etniaren aldetik, oso homogeneoa da: bosniar guztiak arbaso beretatik datoz, eta hizkuntza beraz mintzatzen dira (gaur egun normalean serbiera, kroaziera edota bosniera deitua, eta, lehen, serbo-kroaziera). Alabaina, hiru nazio talde osatu dira, diferentzia erlijiosoetan oinarrituak: serbiar ortodoxoak, kroaziar katolikoak eta bosniar musulmanak. Desberdintasun horren oinarrian dago Bosniako serbiarrak eta kroaziarrak landaldetik errepublikaz kanpoko industriaguneetara joan izan direla sarritan, musulmanak ez bezala. Lurraldeari dagokionez, oso nahasiak daude hiru taldeak. Demografia ezaugarriak berdinak dituzte: luzaroan landaldeko gizarte tradizionala izan ondoren, 1960ko hamarraldiaz gero bosniarrak Mendebaldeko eredura hurbildu dira. ■ Ekonomia. Bosnia eta Herzegovina zen, Mazedoniako jugoslaviar errepublika ohiaren atzetik, errepublikarik pobreena antzinako Jugoslaviako federazioan. Nekazaritza ia osorik jabetza pribatukoa izan den arren, baserriak txikiak eta eraginkortasunik gabeak ziren, eta elikagaiak inportatu behar izan ditu ia beti errepublikak. Industrian behar baino langile gehiago zegoen enplegatua, plangintza eta kudeaketa komunistaren zurruntasunaren adierazgarri. Titok industria militarren garapena bultzatu zuen Bosnian, eta, hala, han zeuden Jugoslaviako defentsa instalazio asko. Bosniako etnia arteko gerra gogorraren ondorioz, produkzioa lur jota geratu zen (% 80 jaitsirik) 1990tik 1995era, langabezia erabatekoa bihurtu zen ia, eta miseriak dena hartu zuen. Bakea iritsirik –bake larria eta gorabeherez betea–, ekoizpenak gora egin du 1996-1998 urteetan, baina oraindik ere asko falta du 1990. urtean zuen mailara iristeko. 1998ko lorpen nagusien artean, aipatu behar dira pribatizazio legedia, diru nazioaren ezarpena (marko bihurgarria), zor ofiziala berriz negoziatzeko Parisko Klubarekin egindako akordioa, eta Nazioarteko Diru Funtsarekin larritasunezko Itun baten izenpetzea. Ekonomia datuek ez dute balio zehatzik, zeren, nahiz eta Bosnia-Herzegovinako bi gobernuek datuak esakaini, ez dago nazio mailako estatistika eskuragarririk. Gainera, datu ofizialek ez dituzte kontuan hartzen merkatu beltzean egiten diren truke eta negozio ugariak. Errepublikak laguntza handia jasotzen du herrialdearen berreraikuntzarako, eta orobat jasotzen du giza laguntza nazioarteko komunitatetik. Gerrak eragindako kalteak ez dira berdinak izan eskualde guztietan, orobat izan dira desberdinak kanpoko mundura iristeko aukerak, eta horren ondorioz alde handiak daude bizitza mailan, bai eskualdeen, bai familien arabera. 1999an, Bosniako helburu nagusiak pribatizazioa eta erreforma fiskala ziren. Horrez gainera, prestatzen hasi beharra du nazioarteko laguntza desagertzen denerako. ■ Historia. Azken urteak. Eskualde honetako gatazka etnikoak, Bigarren Mundu Gerran lehertu zirenak, ia mende erdiz menderatuta edukitzea lortu zuen Jugoslavia ohiko diktadurak; baina serbiar, kroaziar eta musulmanen arteko tentsioak berriz azaleratu ziren 1992ko martxoan Bosnia Jugoslaviatik banatu zenean. Serbiarrek hasi zuten gerra zibil bereziki bortitz bat, zibil musulmanen kontrako politika berezia bultzatu zuena, “garbiketa etnikoa” deitua. Politika hori hiritarrak beren lurretik kanporatzeak, bortxatzeak, eta masa hilketak osatzen zuten. 1993aren amaierarako Sarajevo suntsiturik zegoen ia. Nazio Batuek armak galarazi zizkien musulmanei, eta serbiarrek Jugoslaviako gobernuaren laguntzarekin jardun zuten 1994ko abuztua arte. Hiru urtez bakea lortzeko alferreko saioak egin ondoren, alderdi etsaiak ados jarri ziren bakezko itun bat izenpetzeko 1995eko azaroan. Gerrak 2 milioi lagun baino gehiago atera zuen bere sorterritik eta 200.000 baino gehiago hil zituen. ■ 1996ko martxoaren 19an, gobernu baten pean bateratu zen berriz ere Sarajevoko hiria, aurreneko aldiz gerra hasi zenez geroztik. Hiriburu etnia-anitz baten ametsak desagertu egin ziren, ordea, bosniar serbiarrek aldirietatik ihes egin zutenean, ez baitzuten inola ere Bosniako gobernuaren kontrolpera igaro nahi. 1996ko uztailean, Richard Holbrooke Estatu Batuetako estatuaren idazkari laguntzaile ohiak eta Slobodan Milosevic serbiar lehendakariak prestaturiko akordio baten ondorioz, Radovan Karadzic serbiar buruzagiak onartu zuen bere botere politikoari uko egitea. Karadzicen dimisioak oztopo handi bat kendu zuen Bosnian hauteskundeak egin ahal izateko. Izan ere, 1995eko bakezko itunak, hauteskundeak iragartzen zituenak, zehatz-mehatz zioen gerrako krimenez salaturik zegoen oro –eta haietako bat zen Karadzic–, aginpidetik kendu beharra zegoela, eta hateskundeetan parte hartzea debekatu behar zitzaiola. Karadzicek “Bosniar-Serbiar Errepublika” berak eta bereek hala deituaren buruzagitzan jarraitzen zuen, eta orobat zen Serbiar Alderdi Demokratikoaren lehendakaria; Natoko bake zaindariei mehatxu egin zien ken zezatela indarrez bere postutik, baina NATO ez zen neurri horren aldeko. Holbrookek, bere helburua lortzeko, Serbiari berriz ere blokeo ekonomikoa ezarriko ziola mehatxu egin zuen besteak beste, baldin eta Milosevicek ez bazuen behartzen Karadzic dimisioa ematera. ■ Hauteskundeetan iruzur egingo ote zen eta bortizkeria zabalduko ote zen beldur handia bazegoen ere, ez zen halakorik gertatu, eta musulmanek, serbiarrek eta Herzegovinako kroaziarrek parte hartu zuten bozketetan. Hala, irailean, Daytongo 1995eko bakezko akordioak beteaz, hiru gobernuburu hautatu ziren, hiru talde etniko nagusiei zegozkienak: Alija Izetbegovic, lehendakaritza batzorde hirukoitzaren lehendakari izango zen musulmana (hark jaso baitzuen boto gehiena); Momcilo Krajisnik, bosniar serbiarra; eta Kresimir Zubak, bosniar kroaziarra. Zein bere talde etnikoaren buruzagi ziren hiru lehendakariak hauteskundeen aurretik. Hiru hautegaietan, Izetbegovic zen oro har gainerako talde etnikoei buruz toleranteena, eta txertakuntza politika bultzatzen zuen bosniar kroaziar eta serbiarrentzat (musulman agintearen pean, ordea). Bai Krajisnikek, bai Zubakek, ultranazionalismoaren alde egin zuten beren kanpainetan. Krajisnikek Bosniako serbiar parteak Serbiarekin lotzea proposatzen zuen, eta Zubakek berriz gauza bera proposatzen zuen bosniar kroaziarrentzat Kroaziarekin. Aspaldiko tentsioak zirela-eta gerra zibilak hankazgoratutako eskualde honetan, askok eta askok, baita Krajisnikek auzitan jarri zuten lehendakaritza sistema berriak Bosnia baketzea lortuko ote zuen. ■ 1998ko urriaren lehendakaritza hautaketan, Ante Jelavic (kroaziarra), Alija Izetbegovic (bosniarra), eta Zviko Radisic (serbiarra), izendatu zituzten Bosniako lehendaritza hirukoitzarako. 1999. urteko otsailean, azken horiek gobernuaren buruzagitza eman zieten, hurrenez hurren, Haris Silajdzici (bosniarra), Svetozar Mihajlovici (serbiarra) eta Neven Tomici (kroaziarra). Gaur egun, Bosnia-Herzegovina batasun administratibora bideratuta dago, baina serbiobosniar ultranazionalistek gorabehera politiko handiak sortzen dituzte. Oraingoz, hamaika lurraldetan banatutako hamaika polizia, botere judizial eta legebiltzar desberdinez osatuta dago herrialdea, non komunitate etniko bakoitzeko alderdi nazionalistek botereari eusten dioten. Banaketa eta aurkotasun hori eragozpen handia dira Bosnia-Herzegovina Europako Batasunean sartzeko.
http://www.fbihvlada.gov.ba/