Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

boskiman

(Neerl. boschjesman «sasietako gizona») iz. Hotentoteekin batera khoisan arraza osatzen duen Afrikako hego-mendebaleko herri nomada. Kalahari basamortuan bizi dira boskimanoak, talde txikietan sakabanatuta (7.500 lagun inguru). Boskimanek gizatalde guztiz berezia osatzen dute Afrikan. Txikiak dira (1,52 m-ko altuera batez beste), larrua hori iluna dute eta begiak zeiharrak. Ehiztariak dira. Hegoafrikako herri zaharrenetakoa da, zuluak eta kafreak bertan finkatu (XVII-XVIII. m.) baino askoz ere lehenagokoak. Boskimanen hizkuntza khoise familiakoa da, hotentoteena bezala. Hiru dialekto nagusi: hegoaldekoa, erdialdekoa eta iparraldekoa.