Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

bortxa

iz. Indarkeria. || Bortxa egin. Indar egin. || Bortxaz. adlag. Indarrez.         
■ Haurren kontrako bortxa. Indarkeria eta ankerkeria haurren aurka gertatzen direnean –helduen eskutik batik bat– inola ere zuritu ezin diren krimenak dira, biktimak oso ahulak direlako eta beren buruak defenditzeko gai ez direlako. Krimen horiek sarriegi gelditzen dira zigorrik gabe, haurra beldur delako tratu txarra eman diona salatzeak min gehiago egingo ote dion. Indarkeria erabiltzen duten guraso eta zaintzaileak beren metodoak zuritzen saiatzen dira, esanez haurrak gaiztoak izan direlako zigortzeko modu bat dela, edota zintzoak izan daitezen beldurtzeko modu bat. Batzuetan haurrekin indarkeria erabiltzen duten pertsonak haurtzaroan ikasi zuten indarkeria eredua errepikatzen ari dira. ■ Gurasoen indarkeria, haurrak astindu eta zaplazteko bat ematetik hasi eta jipoiak ematera, erredurak eragitera, sastakatzera eta beste era askotako erasoetara irits daiteke. Haurren bortxa fisikoari nahiko elikatu gabeko gorputzetan, zaindu gabeko gaixotasunetan eta azalpenik gabeko ubelduetan eta hezur hautsietan antzematen zaio. Badira, halere, beste era bateko bortxak ere, sotilagoak, baina aurrekoak bezain krudelak. Haurrei ikaragarrizko kalte emozionala egiten zaie, esaterako, ergelak edo itsusiak direla, burutik eginda daudela, edota ez direla maitatuak esaten zaienean. ■ Sexu bortxa gertatzen denean –gurasoen, anai-arreben edota familiako beste kide batzuen aldetik– haurrak oraindik ulertzeko gai ez diren sentipenetara eta ekintzetara behartzen dira. Bortxa modu hori laztanetatik hasi eta sexu bortxaketarainokoa izan daiteke; bahitutako haurrak, bestalde, bortxatu egiten dira sarritan hil aurretik. Beste haur batzuk pedofiloen (sexu harremanetarako haurrak nahiago dituzten helduen) biktima izan daitezke. ■ Historian zehar ia gizarte guztietan begiratu izan zaie haurrei beren gurasoen jabetzakoak bailiran, eta hauek eskubidea izan dute iruditu izan zaien modura tratatzeko. XIX. mendean oraindik haurrek ez zuten gurasoen nahiei aurka egingo zien giza eskubiderik zein eskubide zibilik. ■ New Yorkeko estatuan 1876an onetsi zen haurrak babesteko legea eta hura izan zen gainerako estatuentzat eredu, eta guztietan gaur egun delitua da haurrak bortxatzea. Hala ere, eztabaidagai da oraindik gobernuak zein neurritaraino esku har dezakeen gurasoen eta haurren arteko harremanetan. Hala estatuko legeak, zein lege federalak, familiak osorik mantentzearen alde agertzen dira. Tratu txarren seinaleak nabarmenak direnean ere, biktima gazteak bere etxeetara bidaltzeko joera dute epaileek eta han haurren bizitzak mehatxupean jarraitzen du. 1989an heriotzarekin amaitu zen haur baten bortxaketaren kasuan Estatu Batuetako Epaitegi Gorenak adierazi zuen gizabanakoak “indarkeria pribatutik” babestea ez dela estatuaren egitekoa. 1990ean Epaitegi Gorenak hiru epaitan defenditu zituen haur bortxatuen eskubideak, Konstituzioaren Lehen, Bosgarren eta Seigarren Emendakinetan oinarrituta egindako auzi-eskeei uko eginez. Gainera lehen aldiz erabaki zuen biktimek telebistako zirkuitu itxiaren bidez egin ahal izango zutela lekukotza, bortxatzailearen aurrez aurre egin behar izatearen trauma saihesteko.