Bortoluzzi, Paolo
Italiar dantzaria (Genoa, 1938 - Brusela 1993). Goi mailako irakasleak izan zituen: Ugo dell’Ara, Nora Kiss, Victor Gsovsky, Assaf Messerer. 1957an jaioterrian debutatu zuen, bertan ospatzen zen ballet jaialdi batean. Jaialdi hartan Maurice Béjart-ek Haut-voltage aurkeztu zuen eta Bortoluzzik koreografo harekin dantzatzea erabaki zuen. Baina 1960. urtea arte itxaron behar izan zuen. Urte horretan Maurice Béjartek XX. Mendeko Balleta sortu zuen, eta Bortoluzzi taldeko kide izan zen. 1965ean Béjartek Cygne (Beltxarga) sortu zuen eta hiru interprete gizonezkoen esku utzi zuen txoriaren papera. Lan haren ondoren arrakastak bata bestearen ondoren iritsi ziren: Roméo et Juliette (1966), Messe pour le temps présent (1967, Meza gaur egunerako), Ni fleurs ni couronnes (1968, Ez lorerik ez koroarik), Mariage d’Aurore (Auroreren ezkontza). 1969an Nomos Alpha soloa dantzatu zuen. 1970. urtean izugarrizko arrakasta izan zuen L’Oiseau de feu (Suzko txoria) lanarekin eta 1971. urtea ere bide beretik egin zuen: Actus tragicus, Offrande chorégraphique (Koreografia eskaintza), Nijinski, clown de Dieu (Nijinski, Jainkoaren clown-a). Europako antzoki askotara gonbidatu zuten. 1972. urtean XX. Mendeko Balleta utzi zuen eta Rhin-eko Ballet alemaniarra zuzendu zuen. Koreografo gisa ere egin zituen saioak: La Valse (1965, Balsa), Cendrillon (1977, Errauskina), Nuits d’été (Udako gaua). 1978an Milango Scalan Bortoluzzik Picassoren omenezko ekitaldi bat osatu zuen. 1973an dantza eskola bat zabaldu zuen Turinen.