Blasco Ibáñez, Vicente
Espainiar eleberrigilea (Valentzia, 1867 - Menton, 1928). Zuzenbide ikasketak egin zituen; gaztetatik errepublikaren aldekoa izan zen. 1909an kolono gisa finkatu zen Argentinan, eta «Cervantes» eta «Nueva Valencia» nekazari kolonia utopikoak sortu zituen; esperientzia honek porrot egin zion. 1914an Parisa iritsi zen aliatuen alde lan egitera. Bertan Los cuatro jinetes del Apocalipsis (1916) idatzi zuen. Eleberri honek arrakasta handia lortu zuen AEBetan, eta film bat baino gehiago egin zen eleberri hori oinarri harturik. Valentziara itzuli zen baina, Primo de Riveraren diktaduran erbesteratu egin zen. v Lehen eleberriak Valentziako lurraldean kokatu zituen: Arroz y tartana (1894), bertako burgesiaren satira; Flor de Mayo (1895); La barraca (1898), haren lanik ezagunena; Entre naranjos (1900); Cañas y barro (1902), Albuferako arrantzaleen bizitza duena gaitzat. Gero zuzengabekeria sozialaren salaketa eta jarrera antiklerikala nabarmentzen diren lanak argitaratu zituen: La catedral (1903), El intruso (XX. mendearen hasierako Bilbon kokatua, 1904), La bodega (1905), La horda (1905). Ondoren argitara emandako lana, publiko zabalari zuzendua, kalitatez apalagoa da: La maja desnuda (1906), Sangre y arena (1908), Los argonautas (1915), A los pies de Venus (1926), Las novelas de la Costa Azul (1927). v Espainiako Zola deitu badute ere, pertsonaiekiko duen jarreran errealistagoa da Blasco naturalista baino. Haren eleberriek arrakasta handiagoa izan dute atzerrian Espainian baino, eta asko zinemara eraman dituzte.