biztanleria
iz. Hiri, lurralde bateko biztanleen multzoa.
■ Biztanleriaren geografia. Biztanleriaren geografia edo demogeografia espazioaren antolakuntzaren zientziekin eta zientzia demografikoekin dago lotua. Demografiaren metodoak erabili gabe ezingo lirateke biztanlerien ezaugarriak definitu; geografiaren metodoak, berriz, kartografiarenak, bereziki, beharrezkoak dira ezaugarri espazialak ulertzeko. ■ S eguru asko inoiz ez da izan gaur adinako alderik adierazle demografiko nagusiek adierazten dituzten leku batzuetako eta besteetako balioen artean: hazkunde tasan (Errusiako urtean % 0,6tik Omango Sultanerriko % 5era), bizi itxaropenean (Txadeko 41 urtetik Japoniako 79ra), 15 urtetik beherako lagunen ehunekoetan (Italiako % 16tik Zambiako % 50era), eta abar. Aniztasun hori gizateriaren historian parerik ez duen eta munduko toki batzuetan eta besteetan era desberdinean eta abiadura desberdinean garatu den fenomeno bati zor zaio: erregimen demografiko tradizionaletik erregimen modernora igarotzeari, hain zuzen ere. Trantsizio demografiko esaten zaion erregimen aldaketa horretan, heriotza tasa eta jaiotza tasa jasoaren arteko jatorrizko oreka hautsi egiten da; jokabideen aldaketak oso hazkunde azkarra ekartzen du, heriotza tasa eta jaiotza tasa apalaren oreka egoera berria finkatu arte. ■ Teoria hedatuenaren arabera, modernizazio prozesu orokor baten ondorio den aldaketa hau bi pausotan gertatzen da. Lehen fasean, heriotza tasak behera egiten du gizarteen garapenari esker (elikaduraren, garbitasunaren, osasun sistemaren, hezkuntzaren eta abarren hobekuntzaren ondorioz) eta jaiotza tasa bere hartan gelditzen da. Hortaz, hiltzen den baino askoz jende gehiago jaiotzen da eta biztanleria ikaragarri hazten da. Bigarren fasean, bikoteek beren borondatez murrizten dute seme-alaben kopurua. Beraz, azkenean, jaiotza tasaren eta heriotza tasaren oreka berri bat finkatzen da eta hazkundea zerora hurbiltzen da. ■ Oro har hartuta, munduko biztanleriak bi faseen arteko inflexio puntua gainditu du. Bere hazkunde orokorra gehiengo historikoetara iritsi da 1990eko hamarkadaren hasieran, urtean 92 milioi pertsonatan hazten delarik, eta, beraz, hemendik aurrera hazkunde horrek jaisten hasi beharko luke. XXI. mendearen hasierarako aurreikusten zen murrizketa hori lasterragotu egin da, aldi hori gainditu gabe zuten azken herriak trantsizio demografikoaren bigarren fasean sartu direlako. Hala ere, dezelerazio hori 1970. urtetik aurrera gertatutako hazkunde tasaren jaitsieraren ondorio da mundu mailan. Jaiotza kopurua ugaltzeko joeraren eta ugaltzaile kopuruaren ondorioa da, eta kopuru hori hogei urte lehenago izandako jaiotzek zehazten dute matematikoki. Belaunaldi bat igaro arte ez da, beraz, joera aldaketaren ondoriorik ikusten. ■ Biztanleria batzuen eta besteen bilakaera desberdinen emaitza da munduko biztanleriaren dinamika orokor hau. Mendebaldeko Europako herrialdeak izan ziren jokabide demografiko modernoak izaten hasi ziren eta zikloa osatu zuten lehenak; beste herrialde garatuetan ere hala gertatu da, aurrerago. Beren biztanleriak egonkorrak dira, edota murrizteko joera dute. Trantsizio hori beranduago hasi zen beste toki batzuetan eta, oro har, Europan joan den mendean baino konbinazio eta egoera desberdinagoak aurkitzen dira. Trantsizioa, dena den, azkarrago gertatzen da toki horietan eta epe laburrez hazkundearen azelerazio ikaragarriak gertatzen baldin badira, gero, dezelerazioak ere ikusgarriak izaten dira. Herrialde azpigaratuek, beraz, beren berezitasun demografikoak galdu dituzte. Toki batzuetan trantsizioa amaitua da jada, Asia ekialdean, esate baterako: beren jaiotza eta heriotza tasak herrialde garatuen parekoak dira (hurrenez hurren, 1,6 haur emakumeko eta, heriotza, 10 pertsona mila biztanleko). Gainerako herrialde gehienak bide horretan daude, baina askoz atzerago, eta hazkunde naturala handia da oraindik. Beste batzuetan, azkenik, trantsizio demografikoaren bi faseen arteko inflexio puntua igaro berri dute edota igarotzear daude. Europa eta Afrika bi muturretan daude horri dagokionez. Lehendabizikoan trantsizio demografikoa erabat osatu da, eta Saharaz beheko Afrika, berriz, lehen fasean aurkitzen da. ■ Europan bizi itxaropena oso handia da, baina jaiotza tasak gainbehera egin du 1970eko hamarkadaz gero (milako hamar haur, Italian edota Espainian, esate baterako). Ez dago hazkunderik eta biztanleria nabarmen ari da zahartzen. Suedian, esate baterako, % 18 inguru dira 65 urtetik gorakoak; Suitzan, % 16 15 urtetik beherakoak. Saharaz beheko Afrikan jaiotza tasa oso handia da oraindik, joera naturaletik oso hurbil dago (milako 52 jaiotza Malin edota Ugandan) eta biztanleria oso gaztea da: 65 urtez gorako pertsonak % 2-3 inguru dira, 15 urtez behekoak, berriz, % 45-50 inguru. Gertaera batak zein besteak heriotza tasaren eragina murrizten dute, eta biztanleriaren hazkundea ikaragarri bizia da. Europako toki askotan, berriz, esan bezala, heriotza tasa jaiotza tasa baino handiagoa da, eta Ipar Ameriketan eta Japonian ere joera hori bera nabari da. Era horretan atzerritarren etorrera hazkunde demografikoari eusteko faktore garrantzitsu bilakatu da. ■ Hego Ameriketan, Kariben, Asiako hegoaldean eta ekialdean esate baterako, berez ekin diote, berandu bada ere, jaiotza tasa mugatzeari, heriotza tasa jaitsi ondoren. Emakumeko hiru haur baino gutxiagokoa da, jada, ugaltze tasa eta bizi itxaropena 70 urte ingurukoa. Baina Txinan 1960ko hamarkadatik aurrera abiarazi zen jaiotza planifikatzeko politika zorrotzak ekarri zuen benetako aldaketa mundu mailan. Une honetan emakumeko 1,9 haurrekoa da, batez beste, Txinako jaiotza tasa, eta munduko herririk jendetsuenean belaunaldi aldaketarako behar den kopuruaren azpitiko hazkundea izateak eragin nabaria izan du mundu mailako biztanleriaren hazkundean. Afrikako iparraldean, Ekialde hurbilean edota Pakistanen egoera paradoxikoa da trantsizio demografikoaren aurreikuspenei dagokienez: badirudi izoztuta dagoela, herri horietan oso altuak baitira bai jaiotza tasa (emakumeko 7 haur Iraken eta Sirian), bai bizi itxaropena. Izan ere kultura horietan ez dira onartzen jaiotzak mugatzeko metodoak; hala ere, zenbait herritan hasiak dira horrelako neurriak hartzen (Marokon, Tunisian, Libanon eta Kuwaiten, esate baterako). Azkenik, trantsizio hori hasi besterik ez da egin Saharaz beheko Afrikan –Afrika hegoaldea, aurreratuagoa, alde bat utzita–, eta Asiako zenbait tokitan (Kanbodian, Nepalen, Afganistanen, Yemenen…). Heriotza tasa jaisten hasi da garapenari esker, baina haurren heriotza tasa oso handia da oraindik (Mozambiken, esate baterako, 2 urtez beherako haurrek osatzen dute hildako guztien erdia). Herri hauetan jaiotza tasa milako 50etik gorakoa da, gutxi gorabehera (Europan, milako 11 ingurukoa), eta atzerapen ekonomikoak eta sozialak, ezegonkortasun politikoak eta abar, traba egiten diote aldaketa demografikoari.