Bisquert, Patxi
Gizpuzkoar zinema antzezlea (Zizurkil, 1952). Gaztetan ETAko kide izan zen, eta Segoviako bigarren ihesean parte hartu zuen. Hori zela-eta sartu zen zineman: Imanol Uribe Segoviako ihesa (1981) filmaren zuzendariak deitu zion hartan lan egiteko, benetako ihesean parte hartutakoek lan egitea nahi baitzuen, egiazkotasuna areagotzearren. Ondoren Alfonso Ungríaren Albaniaren konkistan (1983) eta Akelarren (1983) lan egin zuen. Baina ospea Montxo Armendárizen Tasio (1984) filmarekin etorri zitzaion, protagonista izan baitzen (Tenerifeko eta Bordeleko zinema jaialdietako antzezle hoberenaren sariak). Zineman eta telebistan jarraitu zuen Bisquertek lanean. Hauek ditu lanik aipagarrienak: Segunda telesaila, Javier Rebolloren Golfo de Vizcaya, Alfonso Ungríaren Ehun metro (1985), Carlos Sauraren El dorado (1987). 1988an Antxon Ezeizaren Días de humo-Ke arteko egunak, Jorge Grauren La puñalada eta hainbat film labur egin zituen. 1990eko hamarraldian lanean jarraitu zuen zineman, baina aurreko hamarraldiko osperik eskuratu gabe.