bisigu
iz. Haragi zuriko itsas arraina, sukaldaritzan oso aintzat hartua (Pagellus centrodontus). Bisigu arrunta, bisigu ahobeltza, bisigu ahogorria. || Gorputz sendo zabala izaten du bisiguak, ezkata handiz estalia; burua txiki samarra du eta begiak handiak oso. Ingalaterratik Mauritaniarainoko itsasoetan bizi da, baita Mediterraneoan ere. Txikia denean itsasertzetik hurbil bizi da. Udaberrian iparralderantz egiten du, eta udazkenean berriro itzultzen da. Bizkaiko Golkoko bisigua otsailean ugaltzen da. Eme bakoitzak milioi erdiren bat arrautza erruten ditu. Garai honetan zabalgune kontinentaletan bizi izaten da, beraz, arrantza eskasa izan ohi da, bai arrastrekoa eta bai hondokoa. Harrapaketarik handienak neguan eta udan egiten dira, bisigua itsasertzetara hurbiltzean alegia; hortik dator arrain honek Eguberrietan duen eskea. Arrain mota honen arrantza gainbehera joan da azken urteotan, duela hamabost urtekoaren seirenik ez dute harrapatzen Pasaiako arrantzaleek, esate baterako.