Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

bisigodo

iz. eta izond. IV. mendean Europako sortaldean, eta gero Italian, Galian eta Hispanian kokatu zen herri godoko kidea; herri horri dagokiona.  v  Hist. (Behe latina, visigothu, germanieraz west «sartalde» eta gothus «godo»). Bisigodoek, hunoek bultzatuta Karpato aldetik eta Transilvaniatik ihes egin, Danubio ibaia zeharkatu (375. urte inguruan) eta Flavius Valens enperadore erromatarra Hadrianopolisen garaitu zuten (378, mendebaleko godoak). Teodosio I.a enperadoreak Trazia eta Mesiako lurraldeetara (egungo Bulgaria) bultzatu zituen (382) eta Arcadio enperadorearen garaian, Italia aldera abiatu eta Erroma hartu eta birrindu zuten. Honorio mendebaleko enperadore erromatarraren garaian, Galia (412) eta Hispania (415) aldera eraman zituen Ataulfo buruzagiak eta azken honetan sueboak, alanoak eta bandaloak uxatu zituzten Sartaldera eta Ipar Afrika aldera. Erromako inperioaren babesarekin, bisigodoak Galia eta Espainia bitartean egokitu ziren, egungo Proventza eta Katalunian nagusiki, baina porrota izan zuten Akitaniaz eta Euskal Herriaz jabetzen saiatu zirenean. Frankoen errege Clovis-ek menderatu zituen Vouillé-ko guduan (507), orduan iparralderako zerabiltzaten asmo guztiak utzi eta, Septimania nahiz Kataluniari eutsiz, Hispania barnera jo zuten, eta hiriburua Bartzelonatik Meridara eraman zuten. Justiniano I.aren garaian, bizantziarren erasoari ezin aurre eginik, Atanagildo errege bisigodoak Andaluzia eman zien bizantziarrei (554) eta hiriburua Toledon jarri zuen (555). Euskaldunentzat lehen zailtasun handiak Arrioren aldeko azken errege Leovigildorekin etorri ziren, 574. eta 581. urte bitartean Erromatarren garaiko Hispania osoa bere mendean hartu nahi baitzuen. Galizian babesturiko sueboak garaitu zituen 585. urtean eta bizantziarrak egotzi zituen Andaluziatik. 589an Rekaredo haren seme eta oinordeko zena katoliko bihurtu zen, eta era horretan amaiera eman zien erlijio gatazkei. Receswinto erregearen garaian (653-672), godoen eta hispano-erromatarren arteko legezko batasuna egiaztatu zen eta handik aurrera errege godo guztiak euskaldunen aurka borrokatu ziren. Pirinioez haraindiko euskaldunei esker, bisigodoek ez zuten behin ere euskaldunak beren mende edukitzea lortu; errege godoek domuit vascones («euskaldunak menderatu zituen») edota vascones vastavit («euskaldunak suntsitu zituen») eta horien antzeko esaerak beren kroniketan maiz agertzeak hori erakusten du. VIII. mendearen hasieran arabiarrak Espainia hegoaldean sartu ziren; arabiarrei aurre egin ezinik, Rodrigo erregeak Guadeleteko gudua galdu zuen (711) eta urte bereko urrian Tarik ibn Ziyad arabiar buruzagia Toledon sartu zen jaun eta jabe. Lau urte geroago arabiarrek Zaragoza hartu zuten, eta hala galdu zen betiko Hispaniako erresuma bisigodoa.  v  Artea eta Letrak. Toledo kultura hiri garrantzitsu bihurtu zen VII. mendetik aurrera. Isidoro Sevillakoa (570-636) izan zen irudirik argiena. Ekialdeko kutsua zuten arkitektura eta apainketa molde berriak nagusitu ziren (ferra-arkua, apaingarri sinbolikoak). Urrez eta zilarrez egindako lanak ere (orratzak, sastakaiak, koroak) edertasun handikoak izan ziren. Arte bisigodoak ez du Euskal Herrian inolako eredu garbirik utzi, inspirazio bisigodoko erlijio monumentu eta, arkitektura osagaiak batez ere, han hemenka aurki daitezkeen arren.