Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

biozenosi

iz. Biol. Mota desberdineko organismoen multzoa, landare nahiz animaliena, ingurune edo biotopo bateko baldintza jakinetan bizi eta ugaltzen dena. ■ 1877an sartu zen hizkuntza zientifikoan “biozenosi” hitza, Möbius biologo alemanak organismo ugari elkartzen zaizkien ostra sarden ikerketan erabili zuenean. Ikertzaile horren arabera, biozenosia “izaki bizien multzokatze bat da, eta bere osaerak, moten eta banakoen kopuruak, ingurunearen batez besteko baldintza jakin batzuk islatzen ditu; izaki horiek elkarrekiko mendekotasun harremanen bidez loturik daude…” Beharrezkoa da, gainera, biozenosia kokatzen den tokian (biotopoan) motak ugaldu ahal izatea, horrek eusten baitio taldeari toki horretan. ■ Bi puntu garrantzitsutan, banakoen kuantifikazioan eta beren elkarrekiko mendekotasun harremanetan, aurrerapen nabarmena ekarri zien biozenosi kontzeptuak ordu arte egin ziren komunitate biotikoen deskribapenei. 1850 aurretik, baldintza geoklimatiko zehatz batzuekin loturik zeuden talde naturalak identifikatu besterik ez zuten egiten naturalistek. ■ Möbiusek masa fenomenoak, beren elkarrekiko eraginak eta beren oreka orokorra kontuan hartzeak zerikusi handia zuen, dudarik gabe, XIX. mendean garatu ziren gizarte harremanak aztertzeko teoria berriekin eta Darwinen pentsamenduak izan zuen eraginarekin. Motaren ideia arketipo biologikoaren ideiarekin lotzen zuen tesia baztertuz, Darwinek populazio naturalen eta bizitzagatiko borrokaren gaiak landu zituen, eta horrek komunitate biotikoak metodo estatistikoen bidez aztertzera eraman zuen. Izan ere, bizidunen mundua eratzen duten antolakuntza mailen multzoan, egituradun unitateak osatzen dituzte biozenosiek populazioei dagokienez, eta garai jakin batean inguru jakin batean bizi diren banakoen taldeak multzokatzen dituzte. Inguruari egokitzen ez baldin bazaizkio, mota batzuk desagertu egiten dira hautespen naturalaren eraginez. Beren batez besteko balioetatik hurbil dagoen baldintzen aldaketa zabal samarra onartzen dutenak, ordea, komunitatean integratu ahal izango dira, biztanle batzuen eta besteen artean iraupen harremanak sortzen baldin badira. Horrelako izakien eta inguruaren arteko akzio-erreakzio sisteman eta izakien arteko eraginen sisteman bi elementu nagusik eratzen dute moten antolaketa: biozenosiari egitura espaziala ematen dion antolakuntza berezi baten bidez banatzen dira eta, biozenosia egonkorra baldin bada, ziklikoki errepikatzen diren fase jakin batzuen (fenofaseen) hurrenkeraz egiten da denborazko segida. Ez da erraza biozenosiaren kontzeptua zehazki definitzea, itxuraz oso desberdinak diren izakiak sailka baitaitezke izen horren pean. Adiera baten arabera, biozenosia espazioan ongi mugatuta dagoen multzo irregularra da. Urmael bateko komunitate biologikoa izango litzateke horren adibide bat, edota itsasertz batekoa. Ertzak eta erdia desberdinak dira, eta baita sakonera ere eremu batzuetan eta bestetan, baina beren osotasunean izaki biologiko funtzionalak dira, non organismo batzuek eta besteek ezin konta ahala harreman baitute beren artean, eta populazio egonkor eta nahiko autonomoa osatzen baitute. Ongi mugatutako multzoen adiera horren barruan, biozenositzat jo daitezke komunitate txikiagoak ere, zuhaitz hil baten populazioa edota usteltzen ari den gorpu batena, esate baterako. Komunitate murritz horiek, ordea, oso autonomia ezegonkorra eta oso iraupen mugatua dute. Hobe da, horrelakoetan, biozenosi zabalagoen zatitzat jotzea. ■ Bigarren adiera batean, biozenosia oso eremu zabalean heda daiteke –basoa edo sabana, esate baterako–, eta zaila izaten da hari mugak jartzea. Hala ere, espazioan errepikatzen den egitura bat izan ohi du eta, beraz, maila jakin batean homogeneotzat jo daiteke. Horrelakoetan, azaleko azterketa batekin ere berehala hautematen dira populazio horretako landarediaren (fitozenosiaren) ezaugarri nagusiak, bere homogeneotasunaren lehen ideia bat jasoz. Beraz, botanikoak izan dira, hain zuzen ere, multzo homogeneoak definitzen eta mugatzen laguntzen duten arauak lehenik definitu dituztenak. Animalienak (zoozenosiarenak) aurretik mugatu eta definitzea, berriz, zaila da; animaliak ikertzeko behaketa eta atzemate teknika bereziak erabili behar dira. ■ Ikerketak prozedura grafiko, nahiko enpirikoen bidez egin ziren lehendabizi, Czekanowskiren analisi diferentzialaren taulekin, esate baterako, baina kalkulu automatikoaren garapenari esker berehala finka daitezke datuen arteko korrelazio koefizienteak, eta horrela, ikertu nahi diren kidetasunak kuantitatiboki agertzen diren taulak estatistikoki finkatu eta landu daitezke. Praktikan, beraz, biozenosi baten definizioa pausoz pauso egiten da. Lehen azterketa batean gehien ikusten diren eta ugarien diren organismoetan oinarritutako miaketa egin daiteke, hau da, lehorreko zonetan goi mailako landareetan oinarritutakoa. Horrela banatutako multzoen datuak analizatuz, komunitateen mugak eta ezaugarriak zehaztu daitezke gero.