biosfera
iz. Izaki bizidun oro bere baitan biltzen duen Lurraren ingurunea da biosfera, non iraunkor bizitzerik badagoen. Hiru atal ditu biosferak: litosfera (lurrazala), hidrosfera (munduko itsasoak, batik bat) eta atmosfera (behealdeko geruzak bakarrik). Halaber, bi entitate ekologikotan ere banatu ohi da: lur inguruneak (edo kontinentalak) eta itsaso inguruneak (hidrosfera). Makrosistemak deituriko entitate hauei dagozkie biomak, eurei atxikiriko bizitza komunitateak alegia. Aipatu hiru atalen arteko prozesu biologiko eta fisiko-kimikoen elkarreraginen (konplexuak, oso) ondorio den oreka biogeokimikoa da biosferaren ezaugarri nagusia. Ozeanoetan lehenbiziko protobionteak (zelula bizien aitzindariak) sortu zirenekoa da biosferaren sorrera data, duela 3,84 miliar urte, gutxi gorabehera. Fotosintesia egiteko gai diren organismoen arabera garatu da biosferaren bilakaera. Lehenbizi alga urdinak (prokariotoak) azaldu ziren; gero alga fitoplanktoniko zelulabakarrak (lehenbiziko eukariotoak), eta azkenik, era primarioaren hasieran, lurreko landare berdeak. Organismo klorofiladun horiek goitik behera aldatu zuten Lurraren atmosfera: hasieran mineral hutsa, mugatua zen hura, oxigenoz beteriko ingurune bihurtu zen fotosintesiari esker. Hots, gutxitu egin zen gas karbonikoaren edukia, eta handitu oxigenoarena. Gas honi (oxigenoari) esker sortu zen bizitza lurrazalean, ozono geruza osatu ostean, duela 800 bat milioi urte. Hiru izaki bizidun talderen elkarrekiko eragina da biosferaren jardueraren funtsa: ekoizle edo produktore autotrofoak (landare berdeak eta uretako fitoplanktona), animalia kontsumitzaileak (landarejaleak, haragijaleak, hondakinjaleak) eta deskonposatzaileak (bakterioak eta onddo mikroskopikoak).