Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

bioaniztasun

iz. Biol. Izaki bizien tasuna, ezaugarri asko eta bereziak izateko ahalmenean datzana. Bioaniztasunak Lurrean gaur egun bizi diren milioika izaki bizien ugaritasuna eta desberdintasuna adierazi nahi du, alegia: izaki moten aniztasuna, haien aldakortasun genetikoa, eta ekosistemen eta inguru naturalen ugaritasun handia. ■ Bereizkuntza naturalaren eta izaki motek irauteko dituzten mekanismo genetikoen ondorioz, Lurreko bizitza aniztasun handikoa da; eta aniztasun hori ezinbestekoa da, bizia izango bada, eta ezin ordezkatuzkoa da, hura galtzeak hondamena baitakar. Bioaniztasuna ez da berdin banatzen Lurrean zehar; badira eremu batzuk, tropikoak batez ere, bizi moten aniztasunaren aldetik goi mailakoak direnak. ■ Tasun hau bizitzaren antolamenduaren maila guztietan agertzen da, zeluletatik ekosistemetaraino, eta funtsezkoa da izaki bizien funtzionamendurako. Aniztasunari esker, bizitzak erreakzionatzeko eta egokitzeko gaitasuna du, Lurrean maila askotan izaten diren aldaketak gertatzen direnean. Baldin eta, adibidez, landare mota bakarra balego Lurrean (gauza jakina denez, landareek oxigenoa sortzen dute, eta, beraz, gizakia landareen mende dago), eta mota horretako landare guztiak berdinak balira genetikaren aldetik, gizakien eta izaki bizi gehienen bizitza landare mota bakar horren mende legoke. Baldin eta izurri batek edo klima aldaketa batek landare mota horretan eraginen bat izan eta suntsituko balu, oxigenoaren sintesia ere desagertu egingo litzateke, eta gizakia ere harekin batera iraungiko litzateke; milaka landare desberdin egoteak esan nahi du oxigenoa sintetizatzeko "erantzukizuna" landare asko eta askoren artean dagoela banatua, eta, beraz, haietako batek huts eginez gero, ez dagoela arriskurik gizakiarentzat. Gainera, izaki mota bakoitzaren baitan, multzo osoa eratzen duen banako bakoitza desberdina da genetikaren aldetik, eta, beraz, zeinek bere sentikortasuna du gaixotasun, giro aldaketa, eta abarren aurrean. ■ Bereizkuntza naturalaz eratuz joan den gure mundu biologiko honetan, beti-batekotasunak erasoaren kontrako ahultasuna esan nahi du, eta ez dakigu ekosistema mugitzen duen mekanismoa noiz hasiko den huts egiten, ekosistema eratzen duten osagai guztiak, izaki motak alegia, osotasun horretatik bereizten badira. Bioaniztasuna ez da beti berdina Lur osoan, aitzitik, arrazoi askorengatik, eta ekosistemak desberdinak izaten dira, halaber, izaki moten aberastasunari dagokionez. Bizioaniztasun maila handiena tropikoko ekosistemek dute, Tropikoko Oihan Euritsuko biomak edo koralezko uhaitzek, askotan aski eztabaida eragiten dutenak, baina oraingoz ez da gertaera horren zergatia azaltzen duen arrazoirik aurkitu. Oro har, bioaniztasunari dagokionez, aberatsagoak dira tropikoko eremuetako ekosistemak eremu hotz edo epeletakoak baino; izaki bizi multzo askok gero eta aniztasun maila handiagoa dute lurburuetatik Ekuatorera hurbildu ahala. Amazoniako ohian tropikaleko hektarea batek ehundaka zuhaitz mota desberdin izan ditzake -Iquitosko (Peru) hektarea batek ditu marka guztiak: 300 zuhaitz mota hektarea batean-, hainbesteraino non nekez aurki baitaitezke landare mota bereko bi ale; Euskal Herrian, adibidez, baso hektarea batek zuhaitz mota gutxi batzuk baizik ez ditu, hamabira ere iristen ez dela. Lurrean diren 9.000tik gora txori motaren ia herena Amazonian dago; 250.000 landare motatik, 170.000 (% 68) tropikoetan eta azpitropikoetan daude; Kolonbia, Ekuador eta Peruko landaredian 40.000 motatik gora daude, Lurrean ezagutzen diren landare guztien seirena, alegia, Lurraren eremuaren % 2an bilduta. 12 orduko lanaldian, biologo batek 429 tximeleta mota harrapatu zituen Brasilgo sartaldean: Europa osoan 380 dira, Afrikako iparraldeko Mediterraneoko kostaldea barne. Panamako zuhaitz bakar batean 48 inurri desberdin aurkitu dira, eta hektarea batean, 18.000 kakalardo desberdin; kopuru horiek argi erakusten dute tropikoetako ohian galerak zer kalte ekar ditzakeen. ■ Izaki biziek eginkizun bat dute biosferaren sistema osoaren baitan; etxeko euli batek zer "baliagarritasun" duen jakitea guretzat zaila izateak ez du esan nahi baliagarritasunik ez duenik, zertarako balio duen ez dakigula baizik; izan ere, izaki mota batzuk desagertzeak edo urritzeak hondamen handia ekarri du, bai ekonomiaren aldetik ere, eta horrek garbi adierazten du izadiko sistemen oreka oso konplexua dela, eta askotan hauskorra gainera. Bada hori argitzen duen adibide bat Kaliforniako kostaldean, hainbat animalia eta landare mota tartean direla. Itsas hondo arrain ugarikoan Macrocystis izeneko itsas belar erraldoi batzuk dira nagusi; baso handiak eratzen dituzte itsaspean eta haiek dira eremu horretako bioaniztasun handiaren ardatza, haiei esker arrain ugaritasun handia baitago, bertako arrantzaleen harrapakin; arrantzale horiek orobat harrapatzen dute laparen antza duen soinbera handi bat, garrantzi handiko industria bat sorrarazi duena bazter haietan. Itsas igarabak erruz jaten ditu soinbera horiek, eta baita itsas trikuak ere. Trikuek, bestalde, Macrocystis sasiak jaten dituzte. Arrantzaleak igarabak saldoan hiltzen hasi ziren, haiekin lehian baitzebiltzan (igarabek soinberak jaten zituzten), eta ia-ia desagerrarazi ere egin zituzten; horren ondorioz, trikuak ugaritu egin ziren, Macrocystis basoak suntsitu zituzten, eta soinberak eta arrainak desagertzen hasi ziren. Ekosistema hura ez zen lehengoratu, harik eta igarabek txikizio aurretikako kopurua iritsi ez zuten arte, orduan hasi baitziren igarabak itsas trikuak berriz jaten. Igaraba zen aldez aurretik nekez ikus zitekeen oreka ekologiko hauskor haren giltzarria. Era horretako ezin konta ahala adibide aipa daitezke, izaki bizi guztiak bizirik iraunaraztearen premiaren argigarri. ■ Bada kontuan hartu beharreko beste alderdi bat, izaki mota askok osasunaren eta industriaren aldetik gizakiarentzat mesedegarri diren gai kimikoak dituztela, alegia. Tropikoko oihaneko landareak milioika urteko bilakaeran gaixotasun asko eta asko sendatzeko gai kimikoak sortu dituzten farmazia modukoak dira. Gai horietako batzuk ezagunak dira jadanik eta ustiatuak izan dira, baina beste asko eta asko, oraindik ezagutzen ez diren ahalmenak dituztenak, bere horretan daude ezezagunak diren eta agian egunen batean desagertu egingo diren landareetan. Estatu Batuetan, farmazietan prestatzen dituzten sendagai guztien laurden batek landareetan du oinarria, eta farmazia produkzio osoaren % 40 izaki bizietatik dator, adibidez, aspirina sendagai ezaguna, zeinaren osagai nagusia sahatsaren azaletik ateratako azido salizilikoa baita; baina beste adibide asko ere badira. ■ Bioaniztasunaren jatorria. Ez bakarrik izaki mota desberdinen aniztasuna, baita mota baten barruan banako desberdinena ere, hainbesterainokoa da, non ugalketa asexualeko kasu ohiz kanpokoak izan ezik, esan baitaiteke ia-ia ez daudela bi banako genetikaren aldetik berdinak direnik. Horren azalpena material genetikoan eta sexu ugalketan parte hartzen duten mekanismoetan aurkitu behar da. Izaki mota bakoitzak oso informazio kopuru handia du bere material genetikoan (DNA). Gene kopurua aldakorra da; 1.000 bat gene daude bakterioetan, 10.000 onddo batzuetan, eta 400.000 landare loredun askotan eta animalietan. Gene horiek izaki biziaren zelula bakoitzean daude, helize bikoitz baten itxura duten kateetan antolatuta, milioika eta milioika nukleotido pare dituztela. Gene egitura horien aldatzeko ahalmenak ez du mugarik. ■ Gizakiaren mehatxua. Gizakiak ingurumena aldatzeko duen ahalmen handiak bizitza moten aniztasuna asko gutxitzea ekarri du, eta gutxitze horren ondorioz milaka animalia eta landare mota desagertu eta ekosistema asko suntsi daitezke datozen urteetan. Izadi sistema askok ezin izango dituzte gizakiak eragiten dizkieten aldaketak jasan. Bestalde, izadian, askotan alor jakin batzuetan soilik, gizakiak duen eragin neurriz gainekoak kalte egiten die berari baliagarriak zaizkion izaki motei -arrantza, basoak ustiatzea, larrugintza-; bestalde, gizakiaren eragin hori zuzenean da kaltegarria -intsektu jakin batzuk, narrastiak (sugeak), ugaztunak (otsoa, azeria, hartza, tigrea)- edo zeharka da kaltegarria, baliabide komunak ustiatzerakoan lehiakide dituelako izaki mota horiek, gehienetan arrantzaren alorrean -fokak, igarabak edo izurdeak-, baina baita belarjale batzuetan ere (elefanteak). Bioaniztasunean eragin zuzena duten jardueratzat har daitezkeen horiez gainera, badira askoz eragin handiagoa duten beste jarduera batzuk ere. Nekazaritzak edo abere hazkuntzak, adibidez, lur sail handiak hartzen ditu, eta eremu horietako animaliak eta landareak suntsitzea dakar, eremu horiek ustiatu ahal izateko. Basoak soiltzen dira larreak sortzeko, eta belardiak laborantzarako alor bihurtzen dira; basoa soiltzeak milaka animalia eta landare moten habitata suntsitzea dakar, eta orobat dakar baso hori lehengoratzeko behar diren baldintzak ere desagertzea, onenean ere ehundaka urte beharko baitituzte egonkortasuna hartzeko. Badira bioaniztasuna gutxitzen duten beste eragile asko ere: energia fosilen erabilera, ur ereduen aldaketa (urtegiak egitea, akuiferoak lehortzea, ibaiak bideratzea eta desbideratzea), izaki mota exotikoak berariaz edo zeharka leku batetik bestera aldatzea, ibaiak, lurrak eta itsasoak kutsatzea. ■ Bioaniztasuna gordetzea. Izaki bizi mota guztiek, eta haien aldaera genetikoek, bizilekutzat dituzten ekosistema guztietan, bizirik iraun ahal izango badute, behar-beharrezkoa da bizi moten aniztasuna gordeko duen jarduera multzo bat. Aipatu da gizakiak eragin erabakigarria duela bioaniztasuna suntsitzerakoan, eta aniztasun horren galerak zerikusi handia duela orobat ekonomia jarduerekin; era berean, gizakiak bere esku du aniztasuna gordetzeko estrategiak asmatzea, era honetako neurriak harturik, besteak beste: eremu babestuak sortzea, izaki biziak babestea, zelula edo ehun ugaltzaileen bankuak lantzea, eta ingurunea arrazoiz ustiatzeko eta aldi berean eremu handiak aldatu gabe gordetzeko aukera emango duten bideak aurkitzea; alegia, lurraldea egoki eta zuzen antolatzea. Bioaniztasun horri eusteko kezka zela eta, 1992an herri askok Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmena sinatu zuten Rio de Janeiron, ekosistemak eta izaki motak babesteko eta garapen iraunarazgarria sustatzeko, gizadiaren garapenak ingurumena errespetatuko zuela ziurtatzeko, alegia. Bestalde, interes handiko habitat natural batzuk eta animalia eta landare mota batzuk definitu ziren, eta horiek gordetzeko kontrol bereziko erregimen bat izango zuten eremu bereziak izendatzeko premia ikusi zen. Hala eta guztiz ere, Estatu Batuek eta beste herri industrializatu batzuek ez zuten hitzarmen hori sinatu, beren enpresek ikerketa bioteknologikoan, zurgintzan eta, oro har, bizi moten aniztasun handiko eta bizi maila apaleko herrietako baliabideak ustiatzeko zituzten interesak defendatu nahi baitzituzten. Erakunde ekologisten ustean, hitzarmen hori hutsa da edukiaren aldetik, ez baitu ezartzen ez babeserako laguntzarik, ez horretarako diru kopururik, ez babestu beharreko eremurik, ez izaki moten zerrendarik, etab.