Billetdoux, François
Antzerkigile frantsesa (Paris, 1927 - 1991). Zinema ikasketak egin zituen Parisen eta 1946. urtetik aurrera irratian aritu zen lanean. 1955ean À la nuit, la nuit (Gauean gaua) lana estreinatu zuen eta 1959an, berriz, Tchin-tchin (1959). Lan horietan alde batetik, malenkonia eta zolitasuna, eta bestetik, iluntasuna eta oinazea nahasten ditu. 1961ean Va donc chez Törpe (Joan bada Törperen etxera) lanarekin izugarrizko arrakasta izan zuen. 1964an bi lan egin zituen: Comment va le monde, Môssieu? Il tourne, Môssieu! (1964, Nola doa mundua, Môssieu? Biraka dabil, Môssieu!), eta Il faut passer par les nuages (1964, Hodeietatik igaro behar da). Billetdoux musikaria da, hitzen musikaria eta hori argi eta garbi ikusten da Rintru pa trou tar, hin (1971) lanean. 1980an Ai-je dit que je suis bossu? (Esan al dut konkorduna naizena? lanaren ondoren, ordea, ikusleekiko lotura eten egin zen eta 1988. urtea arte ez zuen beste lanik aurkeztu. Urte horretan Réveille-toi Philadelphie (Esna zaitez Filadelfia) lana aurkeztu zuen Colline antzokian eta bere lan guztiak argitaratu ziren. Xarma gozoa da Billetdouxen lanaren ezaugarria, eta irakurleei adierazten die gizakiak eta gauzak, zaletasunak eta gorrotoak, lausotu egiten direla denboraren poderioz. Azkenik, gizakiaren eta munduaren zentzugabetasuna frogatzen saiatzen zen Billetdoux.