Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bielorrusia

(Izen ofiziala, Bielorrusiako Errepublika; Bielorrusieraz, Respublika Belarus, lehen Errusia Zuria). Europa ekialdeko estatua, itsasorako irteerarik gabea. Mugak: Errusia, ipar eta ekialdean; Letonia eta Lituania, ipar-mendebaldean; Polonia, mendebaldean; Ukraina, hego-ekialdean. 207.600 km2 eta 10.293.01 biztanle (2006, bielorrusiarrak). Hiriburua: Minsk. Hiri nagusiak: Brest, Baranovitxi, Bobruisk, Gomel, Grodno, Moghilev, Orxa, Vitebsk. Dirua: bielorrusiar errubloa. ■ Historia gogorra izan du beti lehen Errusia Zuria zeritzanak. Lurraldea eskuratzeko etengabeko gerrak eta sarraski handiak izan dira, maiz banatu dute Errusia, Polonia, eta Lituaniak, eta, Lehen eta Bigarren Mundu gerretan, baita Alemaniak ere. 70 urtez Sobiet Batasunako errepublika izan ondoren, Bielorrusia izeneko estatu berriak bere burujabetasuna aldarrikatu zuen 1991ko abuztuan; ekonomia eta politika lotura estuagoak izan ditu Errusiarekin gainerako Sobiet errepublika ohiek baino. 1995eko abenduaren 25ean, Boris Eltsin errusiar presidenteak eta Alexander Lukaxenko bielorrusiar presidenteak, zenbait itun sinatu zuten politika, ekonomia eta gizarte mailako harremanak estutzeko, baina bi estatuen beregaintasuna gordeaz aldi berean. ■ Biztanleak. Bielorrusiako biztanleria homogeneoa da; biztanle gehienak bielorrusiarrak dira, eta beste gizataldeak (errusiarrak, % 11,4; poloniarrak, % 3,9; ukrainarrak, % 2,4), txikiak eta haien oso gertukoak dira. Judu komunitate handi bat bazen, baina naziek deportatu egin zituzten juduak okupazioaren garaian, eta gaur egun % 2 baino ez dira (biztanleriaren laurden bat desagertu zen Bigarren Mundu Gerran). Demografia hazkunde handiko aldi baten ondoren, zahartzen ari da gaur egun Bielorrusia. Adinaren arabera, hau da biztanleriaren egitura: 14 urtetik behera, % 19; 15-65 urte bitartekoak, % 67; 65 urtetik gorakoak, % 14 (1999ko estimazioak). Azken hamarraldiotan, jendeak hirietara jo du, eta gaur egun biztanleen % 70 hirietan bizi da. ■ Ekonomia. 1994. urtean, nekazaritzan ziharduen oraindik biztanle aktiboen bostenak, eta nazio produktu gordinaren % 17 ematen zuen. Lurra oso pobrea baita, ezin da gauza askorik landu: patatak dira gai nagusia (8.570.000 tona 1995ean). Lehen, Bielorrusiak ekoizten zuen sobietar lihoaren herena; lihoak, ordea, oso atzera egin du urteotan. Bestalde, garrantzitsuak dira haragi eta esne ekoizpena: behiak hazten dira (5.403.000 buru 1995ean), eta zerriak (4 milioi buru). ■ Industria azpiegitura ia osorik berregin behar izan zen Bigarren Mundu Gerraren ondoren, gerra ikaragarri gogorra izan baitzen Bielorrusian. Mekanika da industriaren alor nagusia; industria astuna kimika eta petrokimikara dago bildua. Hidrokaburo hobiak eskasak dira, baina bada oliobide bat, “Adiskidetasunarena”, Europa erdialdeko antzinako herrialde sateliteak hornitzen dituena, eta haren inguruan petrolioa fintzeko industria garrantzitsua sortu da. ■ Bielorrusian erreforma gutxi egin da 1995. urteaz gero; Lukaxenko presidenteak herrialdea “merkatuko sozialismo” delakoaren bidean jarri zuen urte hartan. Politikagintza molde horretan, Lukaxenkok berriz ezarri zituen administrazio kontrolak prezioen gainean, eta enpresa pribatuen kudeaketan esku hartzeko estatuaren eskubidea zabaldu zuen. Hori zela-eta, negozio pribatuen kontrako giroa sortu zen, barneko eta kanpoko inbertsioak eragotzi zituena. Gobernuak artifizialki berpiztu zuen ekonomia ekoizpena 1996. urte erdialdetik aurrera, kredito lasterren bidezko hedapen politikagintza butzatuz. Inflazioa menderatu nahian, oso handia baita (% 182, 1998. urtean), gobernuak prezio kontrol zorrotzak jarri zituen elikagai eta kontsumo gaien gainean, eta horren ondorioz, janari eskasia sortu zen: esnekiak, oilaxkoa eta zerrikia erosteko ilara luzeak ohikoak ziren 1998ko azken hilabeteetan. Bielorrusiar errubloaren baliogabetzea eteteko helburuaz, Lukaxenkok sistema berri nahasi bat jarri zuen indarrean 1997an, diru indartsuak legez erosi eta saltzekoa. Sistema berri hori ez zen batere onuragarria izan, aitzitik, diruaren izugarrizko baliogabetzea ekarri zuen. Inflazio handiaz eta diru erregimen artifizialaz gainera, gobernu zentral eta lokalen presioa pairatu behar izan dute enpresek: arautegien aldaketa arbitrarioak, ikuskatze zorrotzak, eta legezkoak izandako ekimenak debekatzen zituzten arautegi berrien aplikazio atzeraeraginezkoak. Beste arazo garrantzitsua merkataritzaren defizit handia da. Langabetu ofizialak, 1998ko abenduan, % 2,3 ziren. Baina langile asko dago azpienpleguan. ■ Historia. Bielorrusia sobietarra. 1920ko hamarraldiaz gero, “bielorrusiartze” politika bultzatu zuen Sobietar botereak: bielorrusiera bihurtu zuen irakaskuntza, administrazio eta hedabideen hitzkuntza, eta bielorrusiarrak ipini zituen alderdiaren eta estatuaren erakundeetako erantzukizuneko postuetan. Alabaina, nekazari giroko bielorrusiar kulturaren usadioak hankazgoratu egin ziren 1928tik aurrera landaldean ipinitako baldintza berrien ondorioz; aldi berean, bielorrusiar komunistak erruz desagertu ziren Stalinen garaian. Sobietar moldeko gizarte berri horren sorrerak bielorrusiar asko bultzatu zuen atzerrira, eta errusiartze prozesu sendo bat izan da, dirudienez Ukrainian baino handiagoa. ■ Independentziaren garaia. Arazo ekonomikoak eta Txernobilgo hondamendiaren ondorioak daude, bielorrusiar nazionalismoaren aurretik, 1991ko abuztuaren 25ean aldarrikatu zen independentziaren jatorrian. Kuropatiko hezurtegia aurkitu izanak, 1988an, Bielorrusiako Fronte Demokratikoaren garapena bultzatu zuen (Herri Frontea gero). Alabaina, alderdi haren indarra ez zen hain handia: 1991ko martxoko erreferendumean, % 82k Sobiet Batasunaren aldeko botoa eman zuen, eta Minsken izenpetu zen EBBren sorrera (Estatu Burujabeak). Arazoak gizarte alorrekoak dira batez ere: 1991. urtean, greba gogorrak izan ziren prezioen goraldiaren kontra. Parlamentuko presidente berria, Stanislav Xuxkevitx, oposiziotik gertukoa, herrialde barneko istiluak baretzen saiatu zen, sobietar ohiekiko loturak eten gabe. Diputatuek postu hartatik egotzi zuten 1994aren urtarrilean, eta, denen harrimenerako, Alexander Lukaxenko populista irten zen lehendakari uztailaren 10ean, ustelkeriaren kontrako borrokan eta Errusiara hurbildu beharrean oinarritutako kanpaina baten ondoren. Presidente berriak berehala hartu zituen ahalmen guztiak (aginpidea betearazlea, zentralizazioa…). Lukaxenkok bielorrusiarren nostalgiarekin jokatzen zuen, independentzian ikusten baitzuten haiek beren kalte guztien sorburua: Errusiara hurbiltzea proposatzen zuen, errusiera ipini zuen berriz bigarren hizkuntza ofizial gisa, eta bandera gorria berrezarri zuen. Oposizio molde guztiak ezabatu zituen; hala, prentsa isilarazi zuen, eta atxiloketa arbitrarioak ugaldu ziren. Lukaxenkok –1966an egin zen plebisizitu baten ondoren, ahalmen osoak izango ditu 2001. urtea arte–, Errepublika Burujabeen Batasun bat lortu zuen Errusiatik 1996aren apirilaren 2an, muga batasuna dakarrena eta, luzarora, diru batasuna. Batasun hau indartu zen 1997ko maiatzaren 23an, defentsa eta diplomaziaren alorretan. 1998ko abenduan, akordio bat egin zen Errusiaren eta Bielorrusiaren artean, aldika-aldika estatu bateratu baten bidea urratzeko, zeinean biek beren beregaintasuna gordeko duten. ■ Bielorrusiaren atzerriko politikagintzaren ezaugarriak presidentearen autoritarismoa eta gerra hotzaren garaiaren nostalgia dira, mundua bi bloketan banatuta zegoenekoa. 1998ko udaberrian Mendebaldeko enbaxada sail bat hustutzea agindu zuelarik, okerrera egin zuten lehendik ere aski nahasiak ziren nazioarteko komunitateariko harremanek. Ekonomian, Sobiet Batasunaren garaian nahiko oparoa izan ondoren, oso urte latzak bizi izan ditu Bielorrusiak independentziaren ondoren. Nolanahi ere, oso lagungarriak gertatu zaio Errusiarekiko harreman estua izatea. Baina, aldi berean, gobernuaren zalantzak eta borondate politikoaren falta daude 1993an egoera hainbeste hondatu izanaren jatorrian: oso inflazio handia, errentaren beherakada eta langabeziaren areagotzea. Lukaxenko boterera irisi izanak erreforma ekonomikoen eta pribatizazioen prozesu hasiberria oztopatu zuen gainera. Oposizioak boikota egin zien 2000ko hauteskundeei, baina 2001ean Lukaxenkok lortu zuen berriz ere lehendakari hautatua izatea.
http://www.president.gov.by/