Bieler, Manfred
Alemaniar idazlea (Zerbst, 1934). Alemaniar literatura ikasi zuen Humboldt Unibertsitatean, sortaldeko Berlinen. Idazle Alemaniarren Elkartean lan egin zuen eta 1957an irratirako gidoiak idazten hasi zen. Eleberri satiriko bat izan zen Bielerren lehen liburu ospetsua, Das Kaninchen bin Ich (1963, Neu naiz untxia). Alemaniako Errepublika Demokratikoan debekatu egin zuten, eta 1969an argitaratu zuen Errepublika Federalean, Mari Morzeck izenburuarekin. 1965ean Pragara aldatu zen Bieler, eta herritartasun txekiarra hartu zuen. Pragako Udaberriak porrot egin zuenean, Munichen kokatu zen familiarekin batera. 1973az geroztik, Bavariako Arte Ederren Akademiako kidea da. Alemaniako bi aldeetan berari gertaturikoak eta bi Alemanien historiaren ikuspegi kritiko zorrotza dira Bielerren gai nagusia. Besteak beste, kontakizun eta eleberri hauek idatzi ditu: Der Mädchenkrieg (1975, Nesken gerra), Der junge Roth (1968, Roth gaztea), Der Kanal (1978, Ubidea), Der Bär (1983, Hartza) eta Still wie die Nacht (1989, Gaua bezain lasai) liburu autobiografikoa. Irratirako eta telebistarako gidoi ugari ere idatzi ditu.