Berna
(Al. Bern) Suitzako hiria, Aar ibaiaren ertzean dagoena; Bernako kantonamenduko hiriburua eta Helvetiako Konfederazioko hiriburua. 140.600 biztanle (hirialdeak 301.000, 1985). Biztanle gehienen hizkuntza alemaniera da eta erlijoz protestanteak dira. Aireportua (Belpmoos). Unibertsitatea. v Erdi Aroko itxura gorde duen hiria da: arkupeak dituzten etxez osatutako kaleak. XVI. mendeko iturriak, katedral gotikoa (Münster, XV-XVI m.), udaletxea (XV. m.), Erlojuaren Dorrea (Zeitglockenturm), Espetxe Dorrea (Käfigturm), Hartzen hobi ospetsua. Arte Ederretako Museoa, Museo historikoa. Gobernu federalaren eta nazioarteko erakunde ugariren egoitza da Berna. Industriagune garrantzitsua: janari industria (txokolatea), ehun langintza, industria mekanikoa eta kimikoa. v Historia. 1191. urtean Berthold V.a Zähringeneko dukeak sortu zuen. Berna hiri libre bihurtu zen 1218an eta 1353an sartu zen Konfederazioan. Erreformaren aldekoa zenez, 1528an, Geneva hiriari lagundu zion askatzen eta Vaud lurraldea konkistatu zuen (1536). Izugarri ahaltsua XVIII. mendean, frantsesek lurralde batzuk kendu zizkioten 1798an; 1831. urtean bukatu zen frantsesen nagusitasuna. 1848an, Berna Suitzako hiriburu federala bihurtu zen.