Berengo Gardin, Gianni
Argazkilari italiarra (Santa Margherita Ligure, 1930). Hemezortzi urterekin hasi zen argazkiak egiten, bakarka, eta 1950eko hamarraldian Il Ponte argazkilari taldea sortu zuen, Venezian. 1962an argazkilari profesional egin zen, eta bi urte geroago Italiako Touring Cluberako lanean hasi zen. Besteak beste, argazki liburu hauek argitaratu ditu: Venise des saisons (1965), L’occhio come mestiere (1970, Begia ogibide) eta L’India dei villaggi (1980, Herri txikien India). Gizabanakoaren eguneroko bizitza jaso du bere argazkietan, ironia zorrotzez, xalotasun handiz eta naif ukitu batekin. Berengoren argazkietako askok italiar neorrealismoaren eragin nabaria dute.