Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Beozia

(Gr. Boiotia) Greziako erdialdeko lurraldea. Mugak: Atika, hego-ekialdean; Korintoko Golkoa, hegoaldean; Fozida, mendebalean; Lokrida (Phtiôtide, egun) eta Eubeako Golkoa, iparraldean. Egungo Beozia, antzinakoa baino zabalagoa da; haren zati bat besterik ez da. 3.211 km2. 117.175 biztanle inguru (1981). Hiriburua: Levadhia (16.864 biztanle). Hiri nagusia: Tebas.  v  Orografia. Kithairon eta Helikon mendiek bereizten dituzte sakonune garrantzitsuenak: iparraldean, Kopais aintzira idortua hartzen duen ordokia dago, Kefisos ibaiak zeharkatzen duena; eta hegoaldean, Tebaseko ordokia eta Asopos harana.  v  Historia. Lurralde honetako lehen biztanleak gaizki ezagutzen diren herri pelasgiarrak izan ziren: miniarrak eta kadmearrak. Mitologia aberatsa eta mito asko ditu Beoziak: Ogugos eta lehen uholde nagusia, Herakles eta Dionisoren sorrera, Tebasen sorrera, etab… Argolidarekin batera Mizenasko zibilizazioaren sorlekua izan zen, eta beoziarrek, Thessaliako arraza eoliarrak alegia, konkistatu zuten K.a. XIII. edo XII. mendean, eta beren izena eman zioten.  v  Beoziako liga. Tebasen gidaritzapean, Beoziako hiri nagusiak bildu zituen Beoziako ligak K.a. 550. urte aldera. Medoekiko bigarren gerraren garaian (K.a. 480), Persiako ligaren alde borrokatu zen, Platea eta Thespiai hiriak izan ezik, eta gainerako greziarrek deuseztatu zuten garaipenaren ondoan. Espartak antolatu zuen berriro, baina Atenasek berriz ere deuseztatu egin zuen eta gobernu demokratikoak ezarri zituen Beoziako hirietan (K.a. 457). Espartaren alde atera zen Peloponesoko gerran, eta aurka Korintokoan (K.a. 395-386); indarrik gabe utzi zuen Lazedoniako ligak. Epaminondas eta Pelopidas jeneral beoziarrei esker, Tebas eta Beozia berriro ere nagusi geratu ziren gainerako greziarren artean. Atenasen aliatua zenez mazedoniarren aurka, Beoziak arazoak izan zituen Keroneako guduaren ondoren (K.a. 338). Ateniarrek ezjakintzat hartzen bazituzten ere, beoziarra izan zen Hesiodo poeta (tradizio epikoaren azken poeta handia), beoziarrak izan ziren Korina eta Pindaro poeta lirikoak, eta orobat Plutarko moralista.