Benacerraf, Baruj
Estatubatuar sendagilea, jatorriz venezuelarra (Caracas, 1920). Parisko Janson Lizeoan, New Yorkeko Columbia Unibertsitatean eta Virginiako Medikuntza Eskolan ikasi zuen. 1950etik 1956 arte Parisko Zientzia Ikerkuntzako Zentro Nazionalaren zuzendaria izan zen. Gero, patologia irakatsi zuen New Yorkeko eta Harvardko Unibertsitateetan, eta Bethesdako Immunologia laborategiaren zuzendaria izan zen, Marylanden. 1968tik 1970 arte Alergiaren eta Infekziozko Eritasunen Institutuko immunologia laborategia zuzendu zuen. Erantzun immunologikoaren mekanismoak, haien oinarri genetikoa eta eritasun autoimmunean duten eragina ikertu zituen, eta 1980an Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saria jaso zuen arlo horretan egindako aurkikuntzengatik.