Belize
(Izen ofiziala, Belize; 1973 arte, Honduras Britainiarra). Guatemalaren eta Mexikoko Yucatan penintsularen artean dagoen estatua, penintsula horretako hego-ekialdean. Kostaldeak Hondurasko Golkoaren sartaldea hartzen du (Antilletako Itsasoa). 22.963 km2 eta 320.000 biztanle (2008, belizetarrak). Commonwealtheko kide da. Hiriburua: Belmopan. Hiri nagusiak: Belize City (portua eta merkataritza zentroa), Orange Walk. Hizkuntzak: ingelesa (ofiziala), gaztelania, karibea, maia. Erlijioak: katolikoak % 62, anglikanoak, gainerako protestanteak. Dirua: Belizeko dolarra. ■ Biztanleak eta gizartea. Hainbat jatorritako taldez dago osatua Belizeko biztanleria, arraza nahasketak nagusi direla: afrikar jatorriko taldea da ugariena (beltzak eta mulatoak), baina asko dira europar-indiar mestizoak ere. Indiar maiak ere badira, % 11 inguru, eta azkenik, askoz gutxiago, zuriak eta Asiako indiarrak. Jende gehiena kostaldean bizi da: 70.800 lagun Belize Cityn eta haren inguruan, biztanleria osoaren heren bat, gutxi gorabehera. 45.000 belizetar inguru atzerrian bizi dira, Estatu Batuetan batez ere. Antzinako britainiar kolonia honetako hizkuntza ofiziala ingelesa bada ere, gaztelania gero eta gehiago entzuten da, iheslari asko etorri baitziren 1980ko hamarraldian, hala Guatemalatik nola El Salvadorretik. ■ Gobernua eta administrazioa. Belize monarkia parlamentario burujabea da, Commonwealthen barruan. Ingalaterrako erregina da estatu burua eta Belizeko Gobernadore Nagusi batek ordezkatzen du. 1981ean, burujabetasuna eskuratu ondoren, konstituzioa erreferendumean onartu zuten, eta geroztik nazioarteko hainbat erakundetako kide da (NB, OEA…). Gobernua ministro kabinete batek osatzen du, Lehen Ministroa buru dutela. Biltzar Nazionala bi ganberaz dago osatua: Ordezkarien Biltzarra, sufragio unibertsalez hautatutako 28 kidez osatua (5 urtez behin), eta Senatua, Gobernadore Nagusiak izendatutako 11 kide dituena. Belizek ez du gudarosterik. ■ Ekonomia. Nekazaritzan oinarritutako ekonomia du Belizek, nahiz eta landu daitezkeen lurretatik % 15 baizik ez diren ustiatzen. Biztanleria aktiboaren % 25 baino gehiago enplegatzen da nekazaritzan eta sektore horrek ekoizten ditu atzerrira (Estatu Batuak, Britainia Handia, Kanada, Karibeko herrialdeak) esportatzen diren produktuen % 70: azukre kanabera, zitrikoak eta bananak, batik bat. Estatuak, nekazaritzarako lur gehiago erabiltzea bultzatzearren, pizgarri sistema bat jarri du abian landu gabeko lurrentzat, eta orain arte ohikoak izan ez diren produktuak ekoiztea sustatu nahi du, pepinoa eta papaia, adibidez. Oraingo esportazioak, izan ere, nazioarteko finantza gorabeheren mendeegi daudela irizten diote. Basoetako zura (kalitate handikoa) eta arrantza dira garrantzizko beste baliabide batzuk. ■ Nekazaritza ez ezik, turismoaren garapena ere bultzatzen ari da estatua, batetik, errepide eta ostatu azpiegiturak zertxobait hobetu direlako, eta bestetik, Mound Maya izeneko hitzarmenak sinatu dituztelako –96ko otsailean– Mexiko, Guatemala, El Salvador eta Hondurasekin batera, maien antzinako kokalekuak eta aztarnategiak babesteko. ■ Belizeren merkataritza balantza, nahiz eta 1981etik estatu burujabea den, oso defizitarioa da, eta lotura handiak ditu oraindik Britainia Handiarekin, herrialde hartatik inportatzen baititu, batez ere, janari, botika eta eguneroko erabilerako produktu asko. Inguruko herrialdeekin merkataritza truke handiagoak balitu, izango luke aukera bere antzinako metropolitik zerbait gehiago askatzeko, baina errepide sarea askoz gehiago hobetu beharko luke horretarako. ■ Historia. 1984ko abenduko hauteskundeak (estatu burujabe gisa egin ziren lehenengoak) oposizio kontserbadoreak irabazi zituen. Ia hogeita hamar urtez Belizeko politikako jaun eta jabe izan ondoren, PUP alderdiak (Herri Batuaren Alderdia), PDUri (Alderdi Demokratiko Batua) utzi behar izan zion agintea; azken alderdi honetako liderra, Manuel Esquivel, atera zen Lehen Ministro. 1989ko hauteskundeetan, ordea, PUPk irabazi zuen berriro eta George Price hautatu zuten Lehen Ministro. 1993ko urtarrilean, PDUko bi kidek National Alliance for Belizean Rights (NABR) alderdia sortu zuten, gobernuan zegoen PUPren esanetara PDU gehiegi makurtu zela salatzeko. Hala, 1993an, PDUk bertan behera utzi zuen PUPrekin zeraman elkar ulertze politika eta, NABRen laguntzaz baliaturik, Manuel Esquivel berriro agintera eramango zuten hauteskundeak irabazi zituen. Esquivelek, inguruko herrialdeekiko harremanak normaltzeko eta hobetzeko erabakia harturik, eskualdeko integrazio proiektua sinatu zuen, Managuan, 1997an, eta Guatemalarekiko harreman diplomatikoak ezarri zituen berriro. 2008ko legebiltzarrerako hauteskundeak UDPk irabazi zituen, eta geroztik Dean Barrow da Belizeko Lehen Ministro.
http://www.governmentofbelize.gov.bz/