belarri
iz. Entzumenaren organoa; bereziki organo horren kanpoko zatia, buruaren albo banatan dagoena. ◊ Zernahi gauzatan, belarri itxura duen zatia. || Belarriak berotu. Belarrondoan jo. || Belarri-luze. Belarriak luzeak dituena; zelataria. || Belarri(-)zulo. Ezpeletar batek salatu dit belarri zulora. v Entzumenaren organoa da belarria, eta horren bidez jaso ohi dira soinuak eta hotsak. Gizonaren belarriak hiru atal ditu: kanpokoa, erdikoa eta barrukoa. v Kanpoko belarria. Bi atal ditu: belarri hegala eta belarri zuloa. Belarri hegala kartilagoz osatua dago, behealdeko belarri gingila izan ezik, biguna eta gantzaduna baita gingila. Belarri hegalak iristen zaizkion hots uhin guztiak belarri zulora bideratzen ditu. Belarri zuloan guruin berezi batzuk daude, argizaria darienak, eta baita ile batzuk ere; argizariaren eta ileen eginkizuna kaltea eragin dezaketen kanpoko gauzei (hautsari, zakarrei,…) eustea da, belarri barrura sar ez daitezen. Belarriko zuloa tinpano izeneko mintzeraino iristen da. Mintz tinkoa da tinpanoa eta dardara egiten du soinu uhinek jotzen dutenean. Tinpanoan bukatzen da kanpoko belarria eta mintz horren bestealdean hasten da erdikoa. v Erdiko belarria. Airez betea dagoen barrunbea da erdiko belarria, tinpano mintzez estalia dagoena erabat. Barneratu ahala, erdiko eta barruko belarriak banatuz, beste mintz bat dago: leiho biribileko mintza. Bi mintz horien artean hiru hezur txiki daude: mailua, ingudea eta eskalanpoa; hezurrok duten formagatik ematen zaizkie izen horiek. Mailuaren kirtenak tinpano mintza ukitzen du eta burua ingudearekin elkartuta dago; ingudea, berriz, eskalanpoarekin lotuta dago eta hau, aldi berean, leiho biribileko mintzarekin. Hala, hiru hezur horiek elkarri lotuta daude, katea moduko bat eratuz, eta tinpano mintzaren dardarak transmititzen dituzte leiho biribileko mintzera. Erdiko belarria faringearekin lotuta dago Eustakioren tronpa izeneko hodi estu baten bidez. Erdiko belarriaren behealdean kokatuta dago Eustakioren tronpa eta erdiko belarriaren eta kanpoko airearen arteko presioa berdintzea da horren eginkizuna, tinpanoak presio berdina izan dezan bi aldeetatik. Hala, kanpoko presioa handitzen denean (mendira igo edo hegazkinean ibiltzean, adibidez), ahoa zabaldu eta airea irenstean berdindu egiten da belarriko presioa, zeren eta, zerbait irenstearekin batera Eustakioren tronpa zabaldu egiten baita eta hartara tinpano mintzak presio berdina jasotzen du kanpotik nahiz barrutik. v Barruko belarria. Leiho biribileko mintzaren bidez dago erdiko belarriarekin elkartuta. Labirintu bat da berez, elkarren artean lotuta dauden hezurrezko barrunbe multzo batez osatua. Hortxe daude dardarak jasotzeko gai diren nerbio zuntzak. Barruko belarriaren labirintuan honako atal hauek bereizten dira: ataria, hodi erdibiribilak, atariko hodia eta koklea edo barakuilua. Ataria linfa isurkariz beterik dagoen barrunbe txikia da eta labirintuaren erdian dago, koklearen eta hodi erdibiribilen artean. Atariko hodia oso estua da eta ataritik garuneraino doa zuzenean. Hodi erdibiribilak hezurrezkoak dira eta botila baten antzera zabaltzen dira bi muturretan; hodi erdibiriletan dago oreka organoa. Azkenik, koklea edo barakuilua hodi kiribila da, barakuiluaren oskolaren antzekoa, eta endolinfa izeneko isurkariz beteta dago. Barakuiluaren barnean dago belarriaren benetako gunea: Kortiren organoa, mintz sentikor eta hauskorra. Hala, erdiko belarritik barrena, atariko mintzeraino iritsi diren dardara handituak barruko isurkarira zabaltzen dira eta Kortiren organoko nerbio zuntzek nerbio kitzikadura bihurtzen dituzte dardara horiek, eta garuneraino eramaten.