Bela, Jeanne-Philippe de
Zuberoako zalduna eta idazlea (Maule, 1709 - Paue, 1796). Gainbehera etorritako etxe oneko semea, abentura egarriak hartu zuen gaztetan eta 18 urte zituela Frantziako armadan sartu zen. Buruzagi militarren agindu eta errietak gaizki eramaten zituen gizona izaki, kapitain bati eraso egin zion eta preso hartu zuten Frantzian. Presondegitik ihes egin eta hainbat gorabeheraren ondoren Suediako armadan sartu zen. 1733. urtean Poloniako Erregetzarako Gerran hartu zuen parte Estanislao Lesczinskiren alde, Suediako eta Frantziako gudarosteekin batera. Arrisku handian ibili ondoren, Frantziara itzuli zen eta, 36 urte zituela, Luis XV.ak kantabroek osaturiko gudaroste bat sortzeko agindu zion. Horrela jaio zen 1799ra arte jardun zuen Royal Cantabre errejimentua, Bela koronel zutela. 1748an Exercices et évolutions à l’usage du Régiment Royal-Cantabre lana eman zuen argitara eta handik urtebetera utzi zuen armada, auzi luze baten ondorioz. Gizon jakintsua, Agosti Chahok (Ariel, 1846) eta Duceré-k (1896) argitara eman zuten Memoires Militaires lana idatzi, eta 30 urtez luzatu zen Histoire des Basques depuis leurs origines jusqu’à 1748 lan handiaren prestaerari ekin zion. Euskal Herriko herrialde guztien historia jasotzen zuen, ordura arte idatzi zen euskarazko hiztegirik handienarekin batera. Hiztegi honek euskalkietako hitzak jasotzen zituen, hebreera, grekoa, zeltikoa, bretoiera, arabiera, latina, gotikoa, espainiera eta italierazko adierekin batera. Zoritxarrez, ezin izan zuen argitaratu lan hori eta Dom Sanadon apezpikuak Bela iturri zuela Pauen kaleraturiko Essai sur la noblesse des Basques baizik ez da orain arte ezagutzen. Horrez gainera, euskarara itzuli zituen laborantza eta ekonomiari buruzko lan batzuk, argitaratu ezinean geratu zirenak. Maulera joan zen bizitzera eta oihal lantegi bat sortu zuen; han handikien artekotzat onartu zuten eta Zuberoako Gorteetan aukeratu zuten abokatu, aitonen semeen ordezkari. Aberats, jaun eta lurjabe handi zelarik, klase apalen aurkako neurriak hartu zituen eta Iraultza nagusitu ondoren, lur asko galdu zituen.
- bektore
- bekulari
- bel canto
- bel
- Bela, Jacques de
- Bela, Jeanne-Philippe de
- bela-
- bela
- Belabartze
- belabeltz
- beladar