Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Begoņa

Egun Bilboko hiri barnean dagoen Bizkaiko elizatea. Hiri gaineko muino batean dago eta muga hauek ditu: Deustua, Sondika, Zamudio eta Derio, iparraldean; Basauri eta Arrigorriaga, hegoaldean; Etxebarri, ekialdean, eta Bilbotik bereizten duen Nerbioi ibaia, mendebalean. Auzoak: Begoņa, Otxarkoaga, Atxuri, Bolueta, Las Calzadas, Ibarsusi, Santutxu, Trauko eta Uribarri. Begoņako elizatea 1925ean desagertu zen, Bilboko hiriak bereganatu zuenean.  v  Ekonomia. Nekazaritza (barazkiak, txakolina) eta burdingintza izan ziren aspaldidanik Begoņako ekonomia jarduera nagusiak. Boluetako Santa Anan eraiki ziren Bizkaiko lehen labe garaiak eta bertan eta Santutxu aldean egokitu ziren lantegiek garrantzi handia izan zuten Bizkaiko ekonomian.  v  Historia. Bilbo eratu baino lehenagokoa bazen ere (1300), Begoņa hiri nagusiaren mendeko elizate bihurtu zen, Deustua eta Abandorekin batera; hala ere, 1925era arte bere buruaren jabe izan zen. Zenbait matxinada bertan antolatu ziren (aduanen aldaketen aurka, 1718; Zamakolada, 1804). Izan ere, Bilbo gaineko muino batean egoteak puntu militar nagusi bihurtu zuen Begoņa XIX. mendeko karlistadetan eta, neurri apalagoan bada ere, 1936ko gerran.  v  Begoņako Basilika. Begoņako jatorrizko ermita Bilbo eratu aurreko garaietakoa zen, inguru horretako garrantzizkoena. 1519. urtean eliza gotiko bat eraiki zen haren ordez (euskal gotiko beranta), 1588an handitu zena. Dorrea erantsi zitzaion 1852an, lehen aldiz, eta 1880an, bigarrenez. Egungo kanpandorrea 1912koa da. 1738. urtean Bizkaiko Batzar Nagusiek Begoņako Ama izendatu zuten Bizkaia osoko zaindari Gernikan eginiko bilkuran.