Bédié, Henri Konan
Bolikostar politikari eta lehendakaria (Dadiékro, 1934). Ekonomia Zientzietan doktoratu zen Frantzian, Poitiersko Unibertsitatean. Boli Kostak Estatu Batuetan izan duen lehen enbaxadorea izan da (1961-1966). Gainera, Boli Kostako Ekonomia eta Finantza ministroa, Nazioarteko Diru Funtsaren ordezkaria eta BGNB Berreraikuntzarako eta Garapenerako Nazioarteko Bankuaren administradorea izan da. 1977an ministro kargutik kendu zuten, sei azukre fabrikak porrot egin baitzuten, eta BGNBren Nazioarteko Finantza Korporazioko lehendakariaren aholkulari berezi izendatu zuten. Bédié Boli Kostako Alderdi Demokratikoko kide izan da, eta 1980an, sorterrira itzuli zenean, Biltzar Nazional berriko lehendakari hautatu zuten. 1986an berriro aukeratu zuten kargu horretarako, eta 1993an lehendakaritza lortu zuen. 1995eko hauteskundeetan beste bost urterako berritu zuen bere agintaldia.