Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Baztan

Nafarroako udalerria eta harana (Iruñea). Nafarroako udalerririk zabalena da eta, 1998ko datuen arabera. Mugak: iparraldean Sara, Zugarramurdi, Urdazuri, Senpere, Ainhoa, Ezpeleta eta Itsaso; ekialdean Bidarrai, Baigorri, Banka eta Aldude; mendebalean Etxalar, Bertizarana eta Donamaria, eta hegoaldean Ultzama, Lantz, Anue, Esteribar eta Erroibar. Altuera 200 m. 7.741 biztanle ditu, aurreko erroldan baino 200 bat gutxiago. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Elizondo buru dutela, hamabost herrik osatzen dute Baztan Ibarra: Almandoz, Amaiur, Aniz, Arizkun, Arraioz, Azpilkueta, Arizkun, Berroeta, Elbete, Elizondo, Erratzu, Gartzain, Irurita, Oronoz-Mugairi eta Ziga. Nekazaritza eta abeltzaintza jarduera garrantzitsuak dira oraindik Baztanen, baina azken urteotan turismoari eta horri lotutako zerbitzuei garrantzi handia eman zaie, Nafarroako Pirinioetako gainerako haranetan gertatu den bezala. Elizondon egiten da urtero, Baztandarren Biltzarra izeneko jaia.  v  Bidasoa ibaiak Izpegi mendatetik Mugairera bitartean hartzen duen izena.  v  Historia. Antzinatik bizi izan da bertan jendea. Asturica-Burdigala galtzada erromatarrak ukitzen zuen hegoaldetik (Belate). VII. mendean, Baskoniako Euskal Dukerriaren barnean, Baztan arabiarren eraginetik kanpo geratu zen mairuak VIII. mendearen bukaeran Nafarroari eraso ziotenean.  v  Baztango Bizkonderria. 1025. urtearen inguruan, Antso III.a Handia Nafarroako erregeak jaurerri bihurtu zuen, Semen I.a, Otxoaniz Jauregizar, Amaiur eta Iruritako gazteluetako nagusia bertako jaun izendatuz. Ondorengoek bizkonde titulua izan zuten. 1068. urtean Semen II.ak Aldunate herria eman zion Antso IV.a Nafarroako erregeari eta 1095ean Amaiurko eliza Bertrand Baionako apezpikuaren manupean geratu zen. Handik aurrera, Lapurdi eta Baztanen arteko auzigai bihurtu zen Amaiur. Baionako bidean dagoelako Baztan Nafarroako erregeen kuttuna izan zen. XII-XIV. mendeen artean, hainbat pribilegio jaso zuten bertako jaunek eta biztanleek, gerretan emaniko laguntzen ordeko, nahiz 1441. urtera arte ez zen baztandar guztien noblezia onartu.  v  Baztango Forua. Hamalau herrik osatu dute historian zehar Baztango ibarra, unibertsitatea edo errepublika (hamabosgarrena, Amaiur, 1969an batu zen). Baztanek Nafarroako gobernu molde zaharrena gorde du. Herri bakoitzeko biztanleek, batzarrean bilduta, aukeratzen zituzten tokian tokiko arazoak konpontzenko ordezkariak. Elizondon biltzen zen Baztango Ibarreko Unibertsitateko ordezkariak zuzenean aukeratzen zituzten biztanleek. 1841eko Udal Legea baino lehen, Nafarroako Erregeordeak alkate bat hautatzen zuen ibarrak aurkezturiko hiru izenen artetik. Hautatzeko eskubidea zuten biztanleek, bertakoak edo bertako batekin ezkonduak izateaz gainera, odol-garbiak (ez agotak) behar zuten. Lurren jabegoa komuna zen (baziren noski jauregi eta oinetxeak, ez zuten, ordea, berezko eskurik foruaren aurrean) eta biztanle guztiek zuten lurretarako eskubidea.  v  Baztango agotak. Nondik datozen eta, beste euskal lurralde batzuetan bezala, Baztanen zehazki noiz egokitu ziren ez jakin arren, garbi dago XV. mendetik aurrera Baztanen egokituriko agotek, Arizkungo Bozate auzoan nagusiki, ez zutela inondik ere gainerako baztandarrek zituzten eskubideez baliatzerik izan. Agoten egoera ez da berandu arte baizik normaldu (XX. mende hasiera). ik. Bozate.  v  Nafarroako konkista. 1512an Gaztelako armadak Iruñea konkistatu eta Joan Albretekoa Nafarroako erregeak Baztanen aurre egin behar izan zien Gaztelako koroaren mendean ari ziren gipuzkoarrei, Garazi aldera erretiratu zenean. 1521eko urrian, 200 gudari nafarrek hartu zuten Baztan iparraldea eta Amaiur nahiz Azpilkuetako gotorlekuetan egokitu ziren Espainiako gudarosteei aurre egiteko asmotan. Migel eta Joan, San Frantzisko Xabierkoaren anaiak zeuden tarteko. 1522an, Mirandako kondeak gidatzen zituen Espainiako gudarosteek Amaiurko gaztelua setiatu eta, nafarrek gartsu erantzun zieten arren, 1522ko uztailaren 19an zapuztu zuen Gaztelako koroak Nafarroa Garaiaren burujabetza berreskuratzeko Nafarroako lurretan eginiko azken saioa. Handik aurrera, Nafarroako burujabetzaren sinbolo bihurtu zen Amaiur.  v  Baztango mugei buruzko arazoak. Muga auziak biziagotu ziren XVII. mendearen bigarren erdialdetik aurrera: Zugarramurdi herriarekin 1677an, Urdazubiko Monasterioarekin 1725ean, Alduderekin 1725, 1732, 1781, 1782 eta 1902 urteetan eta Erroibarrekin, Kintoa zela eta. 1740. urtean konpondu zen Bakiolako burdinolak Zugarramurdi, Urdazubi eta Baztanen artean pizturiko auzia. Baigorriko Aldudekiko auzia ahantzi bada ere, Kintoa oraindik airean dagoen arazoa da. 1872. urtean Baztanek irabazi zuen Estatu aurrean erabaki zen auzia. 1873an Estatuak hartu zuen beretzat Kintoa eta, oraingoan, alderdi handiena Baztan aldekoa dela erabaki da.  v  Konbentzioko Gerratik gaurko eguna arte. 1794ko martxoaren 7an Konbentzioko Frantziako gudarosteek Nafarroa Garaian sartu eta aurrera jo zuten Baztanen barrena Iruñean sartzeko asmoz. Basileako Bakeak (1795eko uztailak 22) ezerezean utzi zituen asmo horiek. Lehen karlistadak bete-betean jo zuen Baztan aldea. Gerra hasieran (1833), Martin Etxeberria Baztango alkate eta kapitainak gizonak bildu eta Espainiako gudarostearen kuartela zegoen Elizondorako ahaleginetan hasi zen. Espoz Mina saiatu zen ibarreko jendea baketzen baina, ezinean, zapalkuntza gogorraren bidea hartu zuen. 1835ean karlistek Lekaroz, Irurita eta Elbete hartu zituzten eta Minak Atarrabian zeuden 1.800 gizon bidalarazi zituen bertara, baina karlistek Belaten eraso ondoren, Zigan sartu eta bertan babestu ziren. Zumalakarregik berak jo zuen Zigako setiora eta bertako Larremiar mendian jardun zuten Zumalakarregi eta Mina buruzagi euskaldunek lehen eta azken aldikoz, aurrez aurre (1835eko martxoak 12). Minak Elizondoko setioa hautsi zuen hilaren 13an eta ondoko egunean, Lekaroza jo eta, beharreko informaziorik eman ez ziotelarik, bertako bost gizonetarik bat hil eta herria erre zuen. Azken karlistadaren bukaeran (1876ko otsailean), Martínez Campos jeneral liberalak Baztan hartu zuen gudaroste karlisten atzera bidea moztearren. Atxuriko gainean egin zen karlista eta liberalen arteko azken gudua, gudaroste liberalak nagusitu zirelarik.