Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bath-eko Adelardo

Britainiar matematikaria (Bath, Ingalaterra, 1075 - 1160). Toursen, Loirako Bailaran, egin zituen ikasketak eta irakasle aritu zen Laoneko (Frantzia) exegesi eta teologia eskolan. Laon utzirik, zazpi urte eman zituen bidaian; besteak beste, Salernoko mediku eskolan, Sizilian, eta Zilizian ibili zen Bathera itzuli arte. Ikerketa ugari egin zituen filosofiaren arloan; hala ere, ezagunagoa da arabieratik latinera hainbat liburu garrantzitsu itzultzeagatik. Honela, Euklidesen Elementuak itzuli zituen; haren hiru bertsio ezberdin argitaratu ziren. Horrez gainera, al-Khwarizmi-ren taulak ere itzuli zituen, eta abakoa eta astrolabioari buruzko lanak idatzi zituen. Aritmetika liburuak ere egin zituen, Boezioren lanean oinarrituta. Adelardoren Quaestiones naturales liburuak arabiar zientziako 76 eztabaida garrantzitsu jasotzen ditu.